Espetxe politika
Etxeratek presoen hurreratzea eskatu du Euskal Herriko hainbat hondartzatan
Berezi Fernandez | EITB Media
Kolektiboak haien senideei ezarritako "salbuespeneko espetxe politika" salatu du.
Etxeratek, Euskal Preso eta Iheslari Politikoen Senide eta Lagunen elkarteak, preso dauden senideak Euskal Herriko espetxeetara hurreratzeko eskatu du, hainbat hondartzatan egindako martxetan. Bertan, espetxeratuei "salbuespeneko espetxe politika" aplikatzen jarraitzen zaiela salatu dute.
Urtero legez, ehunka pertsona bildu dira Lekeitio, Mundaka, Deba, Ondarroa, Laga, Zarautz, Hondarribia edota Donibane Lohitzuneko martxetan.
Patricia Velezek, Etxerateko bozeramaileak, adierazpenak egin ditu Donostiako Kontxara gerturatu diren komunikabideen aurrean. Preso gehienak "Euskal Herritik kanpoko espetxeetan jarraitzen" dutela salatu du, "gehiengo politikoak eta sindikalak Euskal Herrira gerturatzeko eskatu duen arren".
Patricia Velez, Etxeraten bozeramailea. EITB Mediaren bideo batetik ateratako irudia
Velezek esan du haien senideak salbuespen egoeran bizi direla, eta "elkarbizitza errazteko bidean", ez luketela "inongo salbuespen politikarik jasan beharko".
Etxerateko bozeramaileak berretsi duenez, ohiko espetxe politika aplikatuz gero, "kolektiboko 206 presoetatik 168k hirugarren gradua eta baimenak eskuratzeko aukera" izango lukete. Gainetik, azpimarratu du elkartea ez dagoela prest "beste 30 urtez egoera aldatzeko zain egoteko, dispertsioarekin gertatu den bezala".
Mobilizazioak bukatuta, Etxeratek gaixotasun larriak dituzten 19 presoak eta 70 urtetik gora dituzten bederatziak askatzeko eskatu du. Gainera, "erbesteratutako 33 pertsonen eta zortzi deportatu politikoen etxeratzea errazteko" deia egin dute mobilizazioetako antolatzaileek.
#etxera #SalbuespenPolitikaStop
— Etxerat Elkartea (@EtxeratElkartea) August 1, 2021
Oharra ¿https://t.co/ipO8tLFg8m pic.twitter.com/ILVbxhfAu7