Itxi

Ministroen Kontseilua

Espainiako Gobernuak urriaren 31ra arte luzatuko du pertsona zaurgarriak babesteko "ezkutu soziala"

EITB Media

Leer en Castellano

Abuztuaren 9an amaitzekoak diren babes-neurriak luzatzea onartu du gaur Ministroen Kontseiluak. Neurri horiek aurreikusten dituzte ur eta elektrizitate hornidurak bermatzea, etxegabetzeak etetea eta alokairuak luzatzea.

Pedro Sanchez presidentea hainbat ministrorekin batera. Artxiboko irudia: EFE.

Espainiako Gobernuak "ezkutu soziala" luzatzea onartu du gaur, asteartean; hau da, etxegabetzeak eta etxebizitzen alokairuen ordainketak etetea, eta pandemiaren ondorio ekonomikoengatik gehien zigortutako kontsumitzaileei oinarrizko hornidurak moztea debekatzen dituen babes-neurrien sorta.

8/2021 Errege Dekretuan jasotako neurri horien hedapena onartu du gaur Ministroen kontseiluak; abuztuaren 9an iraungi behar zuten, baina urriaren 31ra arte luzatuko dituzte.

Etxegabetzeen aurkako dekretuaren harira, egoera zaurgarrienean daudenak etxetik botatzeko debekua luzatu du Garraio, Mugikortasun eta Hiri Agenda Ministerioak, gaur egun indarrean dauden baldintzen arabera.

Gainera, egoera zaurgarrian dauden familia horiei ohiko etxebizitzaren alokairuaren ordainketa atzeratzea eskatzeko aukera eskaintzen jarraituko du, betiere errentariek 10 etxebizitza edo gehiago badituzte, eta hipotekak eta kredituak ordaintzeko hiru hilabeteko luzapena eskatzeko aukera izango da.

Era berean, dekretuak debekatu egiten du pertsona zaurgarrien etxebizitzetako oinarrizko hornidurak (energia elektrikoa, gas naturala eta ura) etetea, eta bonu sozialaren indarraldia zabalduko du, kontsumitzaile zaurgarriei fakturan zuzeneko deskontua egitekoa.

2020ko martxoaren 31n onartu zituen aurrenekoz Espainiako Gobernuak neurri horiek, covid-19aren hedapena geldiarazteko alarma-egoera ezarri ondoren; ordutik, ondoz ondoko luzapenak egin ditu.

Ione Belarra Gizarte Eskubideetarako ministroa (Unidas Podemos) neurriok abenduaren 31ra arte luzatzearen aldekoa zen, baina oraingoz urriaren 31ra arte jarraituko dute indarrean.

Trantsizio ekologikoa

Halaber, Ministroen Kontseiluak hasiera eman dio Iraunkortasunerako Ingurumen Hezkuntzaren Ekintza Plan berriari eta datozen bost urteetarako ildo estrategikoei. Trantsizio Ekologiko eta Erronka Demografikoko Ministerioak eta Hezkuntza eta Lanbide Heziketako Ministerioak elkarlanean egindako Liburu Zuria jasotzen du plan horrek.

Helburua da ikasle guztiek ingurumenaren aldeko neurri arduratsuak hartzea, bizitza osorako ikaskuntza gisa.

Era berean, Ministroen Kontseiluak trantsizio ekologikoari buruzko hainbat neurri aztertu ditu, hala nola isuri gabeko CO2ko ordainsariak, eraikinetako birgaitze energetikoa edo udalerrietan energia garbia sustatzeko laguntza sortak.

Albisteak (1)