Foro Sozial Iraunkorra
Behartutako desagertzeen biktimentzat "egia" eskatu du Foro Sozialak
EITB Media
Prentsaurrekoan azaldu duenez, "herritarren artean beldurra sorrarazteko estrategia" hori "gutxienez 14 alditan" erabili da, eta, oraindik, zazpi biktimak desagertuta jarraitzen dute.
Foro Sozial Iraunkorrak "egia, justizia eta aitortza" eskatu ditu Euskal Herriko desagertze behartuen biktimentzat, "horrela bakarrik izango baita posible bizikidetza demokratikoaren eraikuntzan aurrera egiten jarraitzea".
Erakundeak prentsaurrekoa eman du ostiral honetan, Derrigorrezko Desagertzeen Biktimen Nazioarteko Egunaren harira, eta "herritarren artean beldurra sorrarazteko" estrategia hori "gutxienez 14 aldiz" erabili dela eta zazpi biktima desagertuta daudela adierazi du.
José Humberto Fouz Escubero, Jorge Juan García Carneiro, Fernando Quiroga Veiga, Eduardo Moreno Bergaretxe Pertur, Tomás Hernández, José Miguel Etxeberría Álvarez Naparra eta Jean Louis Larre dira "desagerrarazi dituzten eta oraindik desagertuta dauden pertsonen kasu dokumentatuak, indarkeriaz baliatu diren hainbat agentek gauzatu zituztenak".
Foroak adierazi du biktimei eta haien senideei egia aitortzea "ezinbestekoa" dela, eta azpimarratu du euskal gizarte osoaren "erantzukizuna" dela hori, herritarrena, eragile instituzional eta politikoena eta baita eragile sozialena ere.