EH Bildu
Otegi, presoen harrerez hitz egiteko prest, "umiliazio guztiez" hitz egiten bada
O.P. | Eitb Media
EH Bilduko koordinatzaile nagusiak Garaikoetxea lehendakariari erantzun dio, esanez koalizioan ez dagoela “inor soberan”. Era berean, azken egunetako istiluak gaitzetsi ditu eta neoliberalismoak inposatutako aisialdi ereduan kokatu ditu.
Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaile nagusiak astelehen honetan adierazi duenez, bere alderdia ETAko presoen harrerei buruz eztabaidatzeko "prest" dago "norbait umiliatuta sentitzen bada", baina betiere Euskal Herrian izan diren "umiliazio eta sufrimendu guztien inguruan" hitz egiten bada.
Buruzagi abertzaleak prentsaurreko telematikoa eman du koalizioaren Mahai Politikoaren bileraren ostean. Datozen hilabeteetan eztabaida politikoaren ardatz izango diren gai nagusiak azaldu ostean, EH Bilduk 'ongi etorri' horien aurrean duen jarreraz eta sortutako polemikaz galdetu diote Otegiri, eta "mundu guztiak" bere jarrera zein den badakiela erantzun du.
"Nik neuk, EH Bilduren izenean, hitz egiteko prest gaudela esan dut, norbait umiliatuta sentitzen bada edo mina areagotzen bazaio. Mundu guztia al dago prest herri honetan dauden umilazioei buruz hitz egiteko? ", galdetu du.
Gai honi "konponbideak" bilatzeko prest agertu da, betiere, "Min, umiliazio eta sufrimendu guztiez" hitz egiten bada.
"EH Bildun ez da inor soberan"
Joan den igandean Karlos Garaikoetxeak EH Bilduko kide izatea errefusatu zuen "ideologia bateraezinak" dituztela argudiatuz eta horren inguruan galdetu diote Otegiri.
Koalizio soberanistaren buruzagiak "errespetu osoa" erakutsi dio lehendakari ohiari, eta esan duenez "EH Bildun inor ez dago soberan". Otegiren arabera, "inork ez du inor desagertzerik nahi, komunistak, sozialistak, sozialdemokratak eta independentistak, euskaldunak eta ez euskaldunak daude hemen, mugimendu anitza gara. Hori da gure bertutea, ez da arazo bat, hori da gure aberastasuna", defendatu du.
"Helburua ez da inoren kultura desagertzea, kultura guztien artean kultura berri bat eraikitzea baizik", gaineratu du. Bere ustez, hori da EH Bildu egiten ari dena "eta hauteskunde batzuetara joaten garen bakoitzean hautesleek saritzen dutena".
Testuinguru horretan, EH Bilduk "joko arau batzuk dituen kongresu prozesu bat" egin duela gogorarazi du, "militante bakoitzak boto bat duen oinarrizko irizpide batekin, jendeak erabakitzen du".
Gaueko istiluak
Arnaldo Otegi EH bilduko koordinatzaile nagusiak uko egin dio azken egunetan Euskal Herrian izan diren istiluen inguruan "lubaki-diskurtsoetan" erortzeari. Izan ere, koalizio soberanistak gaitzetsi egin ditu istilu horiek eta "neoliberalismoak inposatutako aisialdi ereduaren" barruan kokatu ditu; horren inguruan hausnarketa "sakona" egitearen alde agertu da, halaber.
Kazetariek prentsaurrekoan gai horren inguruan galdetuta, Otegik "eztabaida eraikitzaileak" egitearen alde egin du, eta "konponbideak bilatzearen" alde.
Bere ustez, "batzuetan errezeta sinplearekin konpondu nahi dugun arazo konplexua da". Hori dela eta, bere ustez, den-dena jarri behar da mahai gainean: "aisialdiaren ereduaz hitz egin behar da, neoliberalismoaren bidez inposatu den nihilismo existentzialistaz, substantzia alkoholiko jakin batzuk edo bestelakoak kontsumitzea behar duen aisialdi-ereduaz, polizia-ereduaz, gazteen etorkizunaz, eta, ondoren, gorrotoaz hitz egingo dugu". Gaineratu duenez, "EH Bilduk duen interesa da konponbideak bilatzea eta maila intelektual jakin batekin eztabaidak egitea".
"Hori guztia ez dugu guk bultzatu, neoliberalismoak bultzatzen du", azpimarratu du, eta gaineratu du hitz egin behar dela polizia-ereduaz ere "Ertzaintzako sindikatu batzuek ere horrelako gertaerei eredu horrekin aurre egin ezin" zaiela esan ostean. Azaldu duenez, "ezin duzu jendea aisialdi-eredu horretan eduki goizeko ordu bata arte eta, gero, etxera joateko esan, ez da gertatuko".