13/13 epaiketa
Lekukoek esan dute irregulartasunak egon zirela abokatuen bulegoetako erregistroetan
O.P. | Eitb Media
Azken saioan Bizkaiko eta Gipuzkoako abokatuen elkargoetako ordezkariek hitz egin dute. Hernaniko bilizagun batek kontatu du erregistroa baino bi egun lehenago ezezagunak ikusi zituela bulegora sartzen.
Hainbat lekukok, tartean Gipuzkoako eta Bizkaiko abokatuen elkargoetako ordezkariek eta Hernaniko bizilagun batek adierazi dute irregulartasunak izan zirela Guardia Zibilak 2010ean lau abokatu atxilo hartu zituzten abokatu bulegoetan egindako erregistroetan.
13/13 sumarioaren epaiketako gaurko saioan, Domingo Arizmendi Gipuzkoak Abokatuen Elkargoko dekano-ohiak adierazi du harritu egin zela agenteek "zuzen" joan zirelako hainbat tokitan bilatzera. Azaldu duenez, "zeharo leku arraroetan begiratzen zuten, argindar-kaxetan, esaterako", azaldu du.
Esan du, gainera, Iker Sarriegik protesta bat egin zuela erregistroan, Guardia Zibil batek auzipetuaren mahai azpitik pendrive bat atera zuenean. "Hark esan zuen pendrive hura ez zela berea, eta ni ez nintzen makurtu nondik hartu zuten ikustera".
Miaketa honen inguan deklaratu du Hernaniko bizilagun batek ere. Baieztatu duenez, Guardia Zibilaren operazioa baino pare bat gau lehenago, bere balkoitik ikusi zuen hainbat lagunek abokatuen bulego parean dagoen zuhaitz bat nola zulatzen zuten, zulagailu bat erabiliz, beste batzuk zelatan zeuden bitartean.
Handik minitu gutxira, bere lekukotzaren arabera, denbora tarte batez "bulegoaren sarreran nahiz barnealdean zulagailuaren zarata" entzun zuen. Fiskalaren galderei erantzunez, esan du ez zuela abisua pasa ez Ertzaintzari ez Udaltzaingoari, ez zuelako pentsatu lapurreta bat zenik.
Arantza Zulueta eta Naia Zuriarrain atxilotu zituzten abokatuen bulegoko erregistroari dagokionez, bertan izan zen Bizkaiko Abokatuen Elkargoko ordezkariak esan du, protesta jarrarazi zuela akatan, bere ustez, abokatuen "sekretu profesionala hautsi" zelako, Guardia Zibiliak "ikerketarekin inongo zerikusirik ez zuten" dokumentuak eraman baitzituen.
Era berean, gogorarazi du, defentsek dioten moduan, bulegoko atea "indarrez" hautsi zutela.
Asteleheneko saioan deklaratu zuten ETAko kide ohiek ukatu egin zuten 13/13 sumarioan auzipetutako zazpi pertsonak erakunde armatuaren aginduak eman zizkietenik, eta euren defentsa egitera mugatu zirela nabarmendu dute.
Lekukoen txanda amaituta, irailaren 21ean izango da hurrengo saioa.