Itxi

Protesta

Ehunka pertsonak 13/13 sumarioaren epaiketaren aurkako manifestazioa egin dute Donostian

Agentziak | EITB Media

Leer en Castellano

"Salbuespen neurri gehienek indarrean" jarraitzen dutela deitoratu du Julen Zelarainek, 13/13 sumarioko epaiketan auzipetuetako batek. "Auzitegi Nazionalak agenda politiko eta soziala ezartzen du, euskal erakundeen gainetik", gaineratu du.

13/13 sumarioaren epaiketaren aurkako manifestazioa egin dute Donostian. Argazkia: EITB Media

Ehunka pertsonak Auzitegi Nazionalean egiten ari diren 13/13 sumarioaren epaiketaren aurkako manifestazioan parte hartu dute igande honetan, Donostian. Izan ere, zazpi pertsona auzipetu dituzte "ETAren fronte juridikoa" osatzea leporatuta.

Hain zuzen ere, protesta 13:30ean hasi da, Kontxako Banderako estropadak jokatu diren egun berean, Donostiako Boulevardean. "13/13 Epaiketari ez" lelopean, dozenaka pertsona bildu dira.

Besteak beste, Juan Karlos Izagirre Gipuzkoako Batzar Nagusietako bozeramailea eta Tasio Erkizia ezker abertzaleko militante historikoa izan dira manifestazioan.

Testuinguru horretan, euskal erakundeek eta politikariek epaiketaren aurrean "ezer esatekorik ez izatea" salatu du Julen Zelarainek, 13/13 sumarioko epaiketan auzipetuetako batek. Hala, akusatuentzat dituen "ondorioen gainetik", jokoan dagoena "garrantzi handiagoko gai politikoa" dela esan du.

Bere hitzaldian, Juan Mari Jauregi izan du gogoan (prozesuko zortzi auzipetuetako bat), eta, joan den astean, hil zenean, "2010ean atxilotu zutenean jasan zituen torturek eragin zuzena" izan zutela ziurtatu du.

Zelarainek azpimarratu duenez, aste honetan Auzitegi Nazionalean berriro hasi den epaiketan "torturen testigantza latzak entzun dira", eta horien aurrean euskal alderdi eta erakundeek "ez dute ezer esaten".

"Estatuko estoldak agerian geratu dira", gaineratu du, eta, bere iritziz, "frogatuta geratu da CNIk legez kanpo esku hartu duela eta atxiloketen bezperan legez kanpo sartu zirela abokatuen bulegoan".

Halaber, "salbuespen neurri gehienek indarrean" jarraitzen dutela deitoratu du. "Auzitegi Nazionalak agenda politiko eta soziala ezartzen du, euskal erakundeen gainetik", gaineratu du.

Hori dela eta, "salbuespen neurri guztiak atzean uztea" eta "proiektu politiko guztiak egingarriak izango diren agertoki demokratiko bat eraikitzea" eskatu du.

Zehazki, Arantza Zulueta, Iker sarriegi, Jon Enparantza, Julen Zelarain, Naia Zuriarrain, Saioa Agirre eta Nerea Redondo daude auzipetuta auzi honetan. Fiskaltzak 19 urteko kartzela-zigorra eskatu du Zuluetarentzat, eta 7 eta 12 urte arteko espetxealdia gainerako akusatuentzat.

Albisteak (3)