ETAren amaiera
Ares: 'ETA ez da ekintza terroristak egiteko prestatzen ari'
Erredakzioa
Aresen hitzetan, ETAk klandestinitatean jarraitzeko azpiegitura dauka eta legez kanpoko zenbait ekintza egiten jarraitzen du, baina "ez da ekintza terroristak egiteko prestatzen ari".
Your browser doesn’t support HTML5 video
Rodolfo Ares Herrizaingo sailburuaren hitzetan, "ETA ez da ekintza terroristak egiteko prestatzen ari", eta ekintza terroristak egiteari uzteko iragarpenari eusten dio.
Aresek Jorge Fernandez Diaz Barne ministroari erantzun dio, Eusko Legebiltzarreko korridoreetan. ETA kideak biltzen ari dela esan du Fernandez Diazek.
ETAk klandestinitatean jarraitzeko azpiegitura daukala eta legez kanpoko zenbait ekintza egiten jarraitzen duela erantzun dio Aresek Fernandez Diazi, baina "ekintza terroristak prestatzen" ari ez dela esan dio.
Halaber, ETA enpresaburuei estortsioa egiten ari zaiela ukatu du. "Gizarteari adierazitakoa urratzea izango litzateke hori", ohartarazi du.
Hala ere, erne egotea eta ETA ordainik gabe behin betiko desagertzeko helburua lortzeko lanean jarraitzea eskatu du.