Itxi

Proposamena

EH Bildu: "Herri ikuspegiz landutako akordioa behar du hezkuntzak"

Agentziak | EiTB Media

Leer en Castellano

Zentzu horretan, Eusko Jaurlaritzarekin hezkuntza ituna "negoziatzeko eta adosteko borondatea" agertu du koalizioak. Horretarako, proposamen zehatza egiten du, eta "murgiltze eredu orokorraren" aldekoak dira.

Pello Otxandiano EH Bilduko programa zuzendaria. Irudia: EiTB Media

Hezkuntza esparruan "sistema aldatzeko nahia" ikusten dela ziurtatu du EH Bilduk, eta Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuak eskatutako hitzarmena adosteko prest azaldu da. "Herri ikuspegiz landutako akordioa behar du hezkuntzak", azpimarratu du koalizioak.

Eusko Jaurlaritzarekin hezkuntza ituna "negoziatzeko eta adosteko borondatea" agertu du koalizioak. EH Bilduren esanetan, akordioa "adostasun politiko eta sozial zabal baten emaitza izan behar da, oinarri sendoekin eraikia, datozen 20 urteetan lan egiteko bidea zabaltzeko". Ondorioz, "parte-hartzea, benetako gobernantza irekia eta lankidetza beharrezkoak dira, prozesuari beharrezko denbora eskainiz", nabarmendu du.

Pello Otxandiano EH Bilduko programa zuzendariak agerraldia egin du Donostian. Datorren larunbatean koalizioak bere Biltzar Politikoa bilduko du Gipuzkoako hiriburuan. "Urteko egitasmo politikoa eta plan feminista" onartzeaz gain, "hezkuntza proposamen berritu" bat eztabaidatzen hasiko da oinarriekin, Mahai Politikoak onartu ostean.

EH Bilduren ahotan, "urte politikoa zarata gehiegirekin hasi da"; horrek "ez du entzuten uzten, eta herri honek dituen erronkei aurre egiteko energia alferrik galtzen da". "Joko horretan ez dugu interesik, gure eginbeharra erronkak identifikatu, pentsatu eta proposamenak eskaintzea da", defendatu du.

Hezkuntza "herriaren erronka handietako bat da", azpimarratu du Otxandianok. Sektoreko langileei "esker on zintzoa" adierazi die, "pandemian zehar onena eman dutelako".

"Epe laburrera hezkuntza sistemak kolokan jar ditzaketen faktoreak daude", ohartarazi du EH Bilduko buruzagiak, hala nola, "jaiotza-tasa, segregazioa eta euskalduntzean gertatzen ari den atzerakada".

Murgiltze eredua

Hizkuntza ereduei dagokionez, dokumentuan proposamen zehatza egiten dutela ziurtatu du: "gai horretan soilik irtenbideak planteatu ez, hezkuntza sistemaren erreforma integrala nahi dugu".

"Murgiltze eredu orokorraren" aldekoak direla ziurtatu du EH Bilduko legebiltzarkideak. "Eztabaida mahai gainean dagoela badakigu, baina D ereduak ez duela nahikoa euskalduntzen agerian geratu dela uste dugu, legeak planteatzen dituen hizkuntza profilak lortzen ez direlako eta euskararekin elkarbizitza arazoa dugulako", kritikatu du.

Azkenik, "egoerari aurrez aurre begiratu behar diogu, eta egiturazko konponbideak planteatu", adierazi du. Hala ere, "hezkuntza sistemaren arazoak asko eta oso desberdinak dira", onartu duenez. EH Bilduk "urrunago doa, egiturazko erreforma sakona planteatzen du esparru ezberdinetan", erantsi du.

Albisteak (2)