Itxi

Aforoa Ligako partidatan

Eusko Jaurlaritza: "Auzitegiak hartutako erabakiaren atzean arrazoi ekonomikoak daudela uste dugu"

Eriz Lotina | EiTB Media

"Jaurlaritzako abokatuek bi egun eta erdi behar izan dituzte 887 orrialdeko txostena idazteko; Justizia Auzitegiak hiru ordu ere ez ditu behar izan txosten hori irakurri eta bere ondorioak ateratzeko", esan du Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak.

Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako bozeramailea. Irudia: EiTB Media

Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiak (EAEAN) futbol zelaien aforoa % 60ra igo ondoren, agerraldia egin du Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak. "Uste dugu Justizia Auzitegiak hartutako erabakiaren atzean arrazoi ekonomikoak daudela", adierazi du. Erabakiarekin Auzitegia Jaurlaritzaren eta Lurralde arteko Osasun Batzordearen gainetik jarri da, bozeramailearen arabera.

"Errespetatzen dugu Justizia Auzitegiaren erabakia eta ez dugu errekurrituko, nahiz eta bat ez gatozen", azpimarratu du Zupiriak. Hala ere, Jaurlaritzak erabakiaren aurkako helegiterik ez duela aurkeztuko iragarri du bozeramaileak.

Zupiria haserre agertu da: "Jaurlaritzako abokatuek bi egun eta erdi behar izan dituzte 887 orrialdeko txostena idazteko; Justizia Auzitegiak hiru ordu ere ez ditu behar izan txosten hori irakurri eta bere ondorioak ateratzeko".

Horren esanetan, Jaurlaritzak uste du EAEko Auzitegi Nagusia "dagokiona baino urrutiago joan dela bere erabakia hartzerakoan eta jarri dela Eusko Jaurlaritzaren gainetik eta Espainiako Lurralde arteko Osasun Batzordearen gainetik".

Albisteak (3)