Itxi

Politika Orokorreko Eztabaida

Estatusaren gaian gehiengoak gutxiengoari men egitea nahi izatea leporatu dio Egibarrek PSE-EEri

Agentziak | EITB Media

EAJren bozeramailearen arabera, Autogobernuaren alorrean "estatusa aldatu behar da", Estatutua bete dadin, bai duela 41 urtetik bete ez den Gernikako Estatutua, bai etorkizunekoa ere.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Estatus politiko berri baten inguruan marra gorriak ezarri nahi izatea leporatu dio ostegun honetan, Joseba Egibar EAJko Legebiltzarreko bozeramaileak PSE-EEri, Eusko Jaurlaritzan bere alderdiak duen bazkideari. Ildo horretatik, sozialistek "gehiengoak gutxiengoari men egitea" nahi dutela ziurtatu du.

Horrela erantzun dio Egibarrek Eneko Andueza Legebiltzarreko PSE-EEren bozeramaileari. Izan ere, Estatutuaren erreforma batek ez diola independentziari bidea irekiko ohartarazi die ostegun honetan nazionalistei, Eusko Legebiltzarrean egindako Politika Orokorreko Eztabaidan.

Hala, EAJren bozeramailearen arabera, Autogobernuaren alorrean "estatusa aldatu behar da", Estatutua bete dadin, bai duela 41 urtetik bete ez den Gernikako Estatutua, bai etorkizunekoa ere.

Sozialistei galdetu die ea zein bide demokratiko edo politiko proposatzen dioten euskal herriaren gehiengoari, "gehiengo horrek erabateko autogobernua edo subiranotasuna nahi duenean".

"Demokraziak ezin dio bide bat ere ireki herri honi?", galdetu dio Anduezari, erabakitzeko eskubidea "Erdi Arora itzultzea" dela esan ostean.

EH Bilduri ere aipamen egin dio Egibarrek hitzaldian. Hala, EAJ Eusko Jaurlaritzatik ateratzeko "helburu taktikoari" zergatik ematen dion hainbesteko garrantzia galdetu dio, estrategia euskal nazioa sortzea eta nazio eraikuntza badira.

Bere hitzaldiaren beste une batean, Egibarrek deitoratu egin du EH Bilduk ETAren inguruan duen "hausnarketa kritikoaren falta", ETAren desagerpenaren hamargarren urteurrena betetzen denean, eta hori, bere ustez, gizartearekin duen "errealismo eta lotura faltagatik" izan da.

Koronabirusak eragindako pandemiaren kudeaketari dagokionez, Eusko Jaurlaritzak hartutako neurrien aurrean oposizioak izan duen jarrera deitoratu du, eta Sanchezen Gobernuak autonomia erkidegoak bakarrik utzi dituela salatu du, ministerioen aginduak dituen "aldebakarreko gobernantza" baten bidez.

Bideoak (1)