Gernikako Estatutua
BGDSren transferentzia "osorik eta lehenbailehen" burutzea eskatu du Eusko Legebiltzarrak
Agentziak | EiTB Media
EAJ, EH Bildu, Elkarrekin Podemos-IU eta PSE-EEren babesarekin, PP+C’sen abstentzioarekin eta Voxen aurkako boto bakarrarekin, transferentzia "osorik" gauzatzea aldarrikatu du Gasteizko Ganberak.
EAJ, EH Bildu, Elkarrekin Podemos-IU eta PSE-EEren babesarekin, PP+C'sen abstentzioarekin eta Voxen aurkako boto bakarrarekin, bizitzeko gutxieneko diru-sarreraren (BGDS) transferentzia prozesua "lehenbailehen" burutzea eskatu die Eusko Legebiltzarrak Jaurlaritzari eta Espainiako Gobernuari.
Era berean, eskumena "osorik" bereganatzea aldarrikatu du Gasteizko Ganberak, diru-sarrerak bermatzeko sistema sendotzeko, pobreziari eta bazterketari aurre eta kohesio sozialean aurrera egin ahal izateko.
EAJ, EH Bildu, PSE-EE eta Elkarrekin Podemos-IUk zuzenketa adostu dute, ikasturte politikoaren lehen osoko bilkuran koalizio abertzaleak ekimena aurkeztu ondoren.
Isabel Rodriguez Lurralde Politikako ministroak Eusko Jaurlaritzari urrian transferentzia proposamen bat luzatzeko konpromisoa hartu zuen. Eskumena, legez, urriaren 31 baino lehen bereganatu beharko luke Euskal Autonomia Erkidegoak.
Bestalde, EAJk, PSE-EEk eta PP+C'sek EH Bilduren beste proposamen bat errefusatu dute saioan. Gaixotasun berriei eta "edozein motako" pandemiei aurre egiteko, egitasmo bat prestatzeko batzorde bat sortzea planteatu du koalizioak.
Azkenik, maskotak babesteko EAJren eta PSE-EEren lege-proposamena tramitera onartu du Ganberak.