Puigdemonten atxiloketa
Llarenak Puigdemont atxilotzeko agindua igorri dio Italiari
O. P. | Eitb Media
Auzitegi Goreneko epaileak Italiako Auzitegiari igorritako ofizioan adierazi duenez, "Euroagindua eragin duen prozedura judiziala aktibo dago eta auzi-ihesean dauden auzipetuak atxilotzeko" daude. Bertsio hori ez dator bat Puigdemonten abokatuenarekin.
Procesaren instrukzioko epaile Pablo Llarenak Sassariko Apelazio Auzitegiari igorri dio Generalitateko president-ohi Carles Puigdemonten aurkako atxilotze agindua.
Llarenak atxilotzearen berri izan ostean, ofizio bat bidali dio Eurojusteko Espainiako ordezkari Jose de la Matari, hark igorri diezaion auzitegi italiarrari 2019ko urriaren 14an Puigdemonten aurkako atxilotze agindua, bai eta Europar Batasuneko Auzitegi Orokorrari bere egunean planteatutako auzi-aurreko kontua ere.
Ofizio horretan zehazten da atxilotze agindu hori "indarrean" dagoela, eta jakinarazi dio "euroagindua eragin duen prozedura judiziala aktibo dagoela eta auzi-ihesean dauden auzipetuak atzemateko" daudela.
Llarenak gutun labur horretan gaineratzen duenez, bere garaian Europar Batasuneko Justizia Auzitegiaren aurrean estradizio bati uko egitea ahalbidetzen duten arrazoiei buruz planteatutako auzi-aurreko gaia ere bidaltzen dio euroaginduarekin batera.
Auzitegi Gorenak oraindik ez du auzi-aurreko gai horri buruzko iritzirik eman, baina Llarenak dio izapidetzen ari izateak ez duela aldatzen "gaur egun prozedura dagoen egoera, nahiz eta hala dagokionean Europar Batasuneko Justizia Auzitegiak Europako zuzenbidearen inguruan egiten duen interpretaziora egokitu beharko den".
Llarenaren ofizio hau Carles Puigdemont Generalitateko presidente ohi eta Juntseko burua epaile aurrean deklaratzeko zain dagoen unean dator.
Espainiako Gobernuak ere indarrean dagoela dio
Espainiako Gobernuakgaur goizean publiko egin duen ohar batean esan duenez, Generalitateko presidente ohia den Carles Puigdemonten aurkako euroagindua indarrean dago, eta horregatik atxilotu dute.
Baieztapen hori ez dator bat Puigdemonten abokatuen eta Jordi Sanchez Juntseko idazkari nagusiaren hitzekin, horiek uste baitute Auzitegi Gorenaren euroagindua ezin dela Europar Batasunean gauzatu.
Moncloaren oharraren arabera, "zabalik den auzibide batengatik" atxilotu dute Puigdemont, eta, ondorioz, azpimarratzen duenez, "Puigdemont jaunak men egin beharko dio Justiziari, beste edozein herritarrek bezala".
Espainiako Gobernuak adierazi du errespetatzen dituela Italiako agintari eta auzitegien erabakiak, Puigdemonti eragin izan dieten gainerako ebazpen eta auzibideetan Espainian nahiz Europan hartu diren erabakiak errespetatu dituen bezalaxe.
Carles Puigdemont Sardinian atxilotu dute, Espainiako Auzitegi Gorenak emandako euroagindu bat kontuan hartuta.
Junts per Catalunya (JxCat) alderdiko iturriek azaldu dutenez, L'Alguer hiriko aireportuan atxilotu dute, eta ostiral honetan eramango dute epailearen aurrera, estraditatu ala ez erabakitzeko. Puigdemontek Gonzalo Boye abokatuaren eta Italiako abokatu talde baten laguntza izango du.