Itxi

Puigdemonten atxiloketa

Euskal indar politiko nagusiek elkartasuna adierazi diote Puigdemonti

O. P. | Eitb Media

Leer en Castellano

EAJk eta EH Bilduk elkartasuna adierazi diote presidente ohiari eta Kataluniako gizarteari. Podemos Euskadik uste du atxiloketak oztopatu egingo duela elkarrizketa prozesua, eta PP Euskadi "oso pozik" agertu da.

Carles Puigdemont 2017ko urrian. EFE

Euskal politikako indar nagusiek deitoratu egin dute Carles Puigdemont Kataluniako presidente ohiaren atxiloketa, eta elkartasuna adierazi diote, bai hari, baita Kataluniako jendarteari ere. 

Andoni Ortuzar EAJko EBBko presidenteak elkartasuna adierazi die ostegunean Sardinian atxilotu duten Kataluniako presidente ohiaren gertukoei, eta "hura aske uzteko aldarri ozenarekin" bat egin dutela azaldu du. 

Sare sozialetan idatzitako mezu batean, esan du elkartasuna adierazi diola Jordi Sanchez JxCateko presidenteari. "Neure eta EAJ-PNVren elkartasun osoa presidentearen gertukoei eta Kataluniako gizarteari", idatzi du. 

Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaile nagusiak babesa agertu dio Italiako agintariek Sardinian atxilotu duten Carles Puigdemont Generalitateko presidente ohiari, eta "Euskal Herritik elkartasuna eta indarra" helarazi dizkio.

Maddalen Iriarte EH Bilduk Eusko Legebiltzarrean duen bozeramaileak Naiz Irratian egindako elkarrizketa batean esan duenez, "eskandalagarria" da atxiloketa, eta Europako epaileek esandakoaren kontrakoa. "Espainiako Estatuak engainua egin die Europari eta Italiari", salatu du.

Kataluniako eta Espainiako exekutiboen artean zabalik den elkarrizketa prozesuari buruz galdetuta, honakoa adierazi du: "Mahai bat antolatzen denean eta elkarrizketarako bidea abiatzen denean, bidaia bat irekitzen da. Horrelako mahai bat antolatzen denean, gorabeherak izaten dira, eta horiek gainditzeko prest egon behar da". "Katalanek beti erakutsi dute inteligentzia aurrera egiteko", gaineratu du. 

Pilar Garrido Podemos Ahal Duguko koordinatzaile nagusia gaur Radio Euskadin egin dioten elkarrizketan Puigdemonten atxiloketaz ere aritu da. Bertan esan duenez, atxiloketa "ez da berri ona, elkarrizketa mahaia oztopatuko baitu". 

Euskadiko PPko presidente Carlos Iturgaiz, bere aldetik, "oso pozik" agertu da Twiterreko mezu batean: "Oso pozik Puigdemont gaizkile kolpista eta iheslaria Sardinian atxilotu izanaren berri onarekin". Erantsi duenez, "Espainiako Gobernuak denbora eskatu du albistea aztertzeko, baina, Sanchez ezagututa, indultua edo amnistia emateko modua bilatuko du, bazkide dituen nazionalista kolpistek eskatu dioten moduan".

Albisteak (4)