Forondako Zelaia
EAJk "bidezko autogobernua"ren alde egin du Alderdi Egunean
EITB MEDIA
Lehendakariak adierazi duenez, "autogobernuaren inguruko negoziazioetan aurrerapauso bat emateko garaia da, eta Euskadik gure errealitate nazionala aitortuko duen itun politiko berria eskuratzeko aukera du mahai gainean".
Your browser doesn’t support HTML5 video
Andoni Ortuzar EBBren buruak galdera hauek egin ditu autogobernuaz: "'Lifting' bat egingo diogu gure autogobernuari ederrago irudi dezan? Edo orain arte lortutako guztiari muzin egin eta barne borroka prozesu batera abiatuko gara, baita Estatuarekin ere, gaur egun Euskadik, Espainiak eta Europak bizi duten egoeran? Autogobernuaren 'lifting'aren eta lainoetako autogobernuaren aurrean, EAJk 'Bidezko Autogobernua' defendatzen du".
Adierazpen horiek egin ditu jeltzaleen buruak 45. Alderdi Egunean, hau da, Euzko Alderdi Jeltzalearen egunean. Covid-19agatik edukiera mugatu behar izan dute, baina urtero legez, militante jeltzaleak Forondako zelaian elkartu dira. Birusaren eraginez hildako herritarrak izan dituzte gogoan hasieran, eta ehun ikurrin jarri dituzte horien omenez.
Omenaldi xumearen ostean, EAJren buruzagi nagusiak taula gainera igo dira, eta bertan hartu du hitza. Autogobernuaren inguruan irekitako eztabaidaren harira, adierazi du EAJ autogobernuaren inguruko eztabaida "zuhurtziaz eta presarik gabe kudeatzeko prest" dagoela: "Baina urrats sendoekin. Aurrera egingo dugu beste alderdiek ere borondate politikoa adierazten badute aurreko legealdian emandako aurrerapausuen bidetik jarraitzeko".
EAJren buruzagiak zehaztu du "Euskadiri eta gizarteari beren helburu pertsonal eta kolektiboak lortzen lagunduko" dien eta "gizarte oparo batetara eramango gaituen autogobernua" lortu ahi dutela. "Mugarik gabe, akordio libreetatik eta herritarren erabakietatik abiatuta. Konstituzioaren Xedapen Gehigarriak eta Gernikako Estatutuaren azken xedapenak aitortzen duten babes legalarekin, eta autogobernu handiagoari eta hobeari herritarrek ematen dioten babes zabalaren oinarri demokratikoarekin", gaineratu du.
Ortuzarrek iragarri duenez, jeltzaleek urte amaieran "euskal gizartea modu aktiboan entzuteko prozesu anbiziotsua" jarriko du abian, "gizarte oparo batetara eramango gaituen autogobernua izateko, gizartea behar bezala zaintzeko, herri iraunkorra izateko, abegitsua… Euskadi burujabea".
Urkulluk "aukera" bat ikusten du
"Autogobernuaren inguruko negoziazioetan aurrerapauso bat emateko garaia da, eta Euskadik gure errealitate nazionala aitortuko duen itun politiko berria eskuratzeko aukera du mahai gainean". Horixe adierazi du Iñigo Urkullu lehendakariak Alderdi Eguneko hitzaldian
"Estatuarekin dugun harreman arazoaren jatorria errespetu falta" izan dela salatu du. Bere esanetan, azken urteetan "ez dira errespetatu herritarrekin adostutako eta egindako itunak"; horregatik, EAJk "adostutakoa aldebakarrez urratzea galaraziko duen aldebiko sistema bat jasoko duen irtenbide politikoa" proposatu du. "Adostutakoarekiko errespeturik gabe, irtenbide politikorik ez", azpimarratu du.
Horren harira, lehendakariak uste du EAEk "oinarri sendoa" duela Espainiako Estatuarekin harremanak "elkarrekiko aitortzan, errespetu instituzionalean, lankidetzan eta aldebiko mekanismoetan" oinarrituta egiteko. Gaineratu du pandemia "uniformizatzeko eta zentralizatzeko" eta "euskal autogobernua isilean narriatzeko" erabili duenik ere badela.
Lehendakariak eskerrak eman dizkie Eusko Jaurlaritzako kide guztiei, Osakidetzako profesionalei eta oinarrizko zerbitzuetako beharginei pandemian egindako lanagatik. "Horiei guztiei esker ari gara pandemiatik ateratzen", goraipatu du, gaixotasunak "gure lehentasunen eta baloreen inguruan gogoeta" egitera behartu duela aipatu aurretik.
Herritarrei ere "errekonozimendua eta esker ona" helarazi dizkie. "Zoritxarraren aurrean erresistentzia gaitasun lezio bat eman duen euskal gizartearen parte garelako harro gaude", azaldu du.
Eusko Jaurlaritzak "inoizko" Aurrekontu "anbiziotsuena, sozialena eta inbertitzaileena" proposatuko duela iragarri du. Horretarako, akordioak lortzeko prest agertu da, Eusko Legebiltzarrean gehiengo osoa izan arren.