PRIMARIOAK PSE-EE-N
Soraya Morlak ezkerreko hirukoaren alde egin du bere hautagaitzaren aurkezpenean
A. S. | EITB MEDIA
Eneko Andueza PSE-EEko Gipuzkoako idazkari nagusi eta Legebiltzarreko bozeramailearekin lehiatuko da Basauriko zinegotzi ohia hauteskunde primarioetan.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Gaur amaiten zen Idoia Mendiari lekukoa hartzeko PSE-EEko idazkari nagusirako hautagaitzak aurkezteko epea. Eneko Anduezak joan den astean eman zuen pausoa, eta gaur, berriz, Soraya Morla Basauriko zinegotzi ohiak. Goizean Bilboko sozialisten egoitzan egin duen aurkezpenean, ezkerreko hirukoaren alde egin du.
EH Bildurekin egindako akordioei buruz hautagaiak esan duenez, "Madrilen edo Nafarroan egin badaiteke, guk ere bai". Sozialistak ETAren biktimak izan badira ere, ezker abertzalearekin "zauriak itxi edo tiritak ipini" behar direla eta EH Bildurekin "formula berri bat aztertu" behar dela gaineratu du.
Mendiak joan den astean iragarri zuen ez dela PSE-EEko idazkari nagusi izateko primarioetara aurkeztuko. Alderdiak azaroaren 20an eta 21ean egingo du kongresua.
Horrela, Morlak Eneko Andueza Gipuzkoako PSE-EEko idazkari nagusi eta Legebiltzarreko bozeramailearekin lehiatu beharko du hauteskunde primarioetan; izan ere, horrek bere hautagaitza aurkeztu zuen ostiralean.
Hautagaitza aurkeztu ostean, Morlak aitortu du "oso aukera gutxi" dituela Eneko Anduezaren aurka irabazteko, Anduezak PSE-EEren buruzagien babesa baitu, baina "Pedro Sanchezek ere oso aukera gutxi zituen 2017an eta mila boto lortu zituen Euskadin", gogorarazi du.
100 abal baino gehiago lortu behar ditu Basauriko zinegotzi ohiak PSE-EEren Idazkaritza Nagusirako bidean jarraitu ahal izateko, hau da, PSE-EEko afiliatuen % 2, 5.000 baino gehiago.
Soraya Morla EAJrekin adostutako itunak ez luzatzearen alde agertu da, eta Pedro Sanchezen hautagaitza bultzatu zuen 2017ko hauteskunde primarioetan, Patxi Lopez ere aurkeztu zenean.