Espetxeen eskualdatzea
Euskadiko espetxeetako langileen lan-baldintzak bermatzeko aurreakordioa sinatu dute
EITB MEDIA
Hala, urriaren 1etik aurrera, hau da, espetxeak kudeatzeko eskumena eskualdatzen den egunetik aitzinera, esparru juridiko egonkor eta argi bat egongo da, Euskadiko espetxeetako langileek beren eginkizunak lantoki desberdinetan bete ahal izan ditzaten.
Acaip-UGT sindikatuak lehen akordioa sinatu du gaur goizean Jaurlaritzarekin, espetxeetako langileen lan-baldintzak bermatzeko. Era berean, negoziazio-aldi bat ireki da langile-egitura hutsetik abiatuta nolakoa izango den adosteko. Akordioa Gobernu Kontseiluari helaraziko zaio, onar dezan.
Hala, akordio horrekin, urriaren 1etik aurrera, hau da, espetxeak kudeatzeko eskumena eskualdatzen den egunetik aitzinera, esparru juridiko egonkor eta argi bat egongo da, Euskadiko espetxeetako langileek beren eginkizunak lantoki desberdinetan bete ahal izan ditzaten.
Beste trasferentzia batzuekin gertatzen den bezala, espetxeetakoak ez dira espainiar Estatuaren langile publikoak. Hori dela eta, langileen egitura hutsetik sortu behar dela ohartarazi du Acaip-UGTk. Zentzu horretan, akordioa hau amaiera baino, Euskal Autonomia Erkidegoko espetxeetan lan-baldintzak ezartzeko hasiera dela gogorarazi du.
Akordioa 2023ko abenduaren 31ra arte egongo da indarrean, eta epe horretan espetxe-sistema berri baterako beharrezkoak diren alderdi guztiak negoziatu ahal izango dira, ez baitago ia egiturarik finkatuta.
Hala ere, Acaip-UGTk sei hilabeteko lehen epe bat ezarri du, gutxienez, beharrezkoak diren gaiak negoziatzeko, hala nola euskal espetxeetako egitura korporatiboa zehaztea, lanpostuen zerrenda izapidetzea, lanaldia eta ordutegiak zehaztea, lanpostuak aldi baterako betetzeko neurriak eta langileen tipologia edo zerbitzu-eginkizunak arautzea, besteak beste.