Itxi

Natura-ondarea

EH Bilduk eta PP+Cs-k Natura-Ondarea Kontserbatzeko Legea adostu dute Jaurlaritzarekin

Agentziak | EITB MEDIA

Leer en Castellano

Lege horren helburua da euskal legeria Europakora egokitzea, arlo horretan eskumenak dituzten administrazioen arteko koordinazioa bilatzea eta klima-aldaketaren politikekin lotura zuzena ezartzea.

Itsaslur pasealekua Muskizen. Argazkia: Juan Guerrero.

Eusko Jaurlaritzak (EAJ eta PSE-EE) akordioa adostu du EH Bildu eta PP+Cs koalizioekin Euskadiko Natura-Ondarea Zaintzeko Legearen inguruan.

Lege-proiektuari aurkeztutako zuzenketak aztertu dituen Eusko Legebiltzarreko lantaldeak astearte honetan amaitu ditu bere lanak, Eusko Jaurlaritzaren eta oposizioko bi koalizioren itunarekin. Elkarrekin Podemos-IU, aldiz, ez da akordiora bildu.

Mikel Otero EH Bilduko legebiltzarkidearen hitzetan, egungo legeak 27 urte ditu eta "erabat zaharkituta" geratu da. "Ingurumenari buruzko legedia asko aldatu da azken boladan, batez ere EBtik", horren hitzetan.

EH Bilduko legebiltzarkidea pozik agertu da akordioarekin, jatorrizko testuaren "alderdi askotan hobekuntza nabarmenak" lortu dituztelako.

Ildo horretan, natura kontserbatzeko koordinazio-batzorde bat sortzea lortu dutela aipatu du, udalen, aldundien eta Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailaren parte-hartzearekin. Halaber, lege honetan proposatutako helburuak finantzatzeko zuzkidurak aurrekontuen bidez bermatzea lortu dute.

Besteak beste, korridore ekologikoak bultzatzea lortu dute, eta natura-ondarea hobeto kontserbatzeko fiskalitate ekologikoa erabiltzeko aukera txertatzea, Oterok azaldu duenez.

Eusko Jaurlaritzak iazko azaroaren amaieran onartu zuen lege-proiektua, EAEko egungo legeria Europakora egokitzeko, arlo horretan eskumenak dituzten administrazioen arteko koordinazioa hobetzeko eta klima-aldaketaren politikekin lotura zuzena ezartzeko.

"Ez trabarik ezta oztoporik ere"

Elkarrekin Podemos-IU akordioarekin kritiko azaldu da. Miren Gorrotxategi bozeramailearen ustez, lege berriak "interes ekonomiko zehatz batzuetara bideratuta dago", eta ez zaie oztoporik edo trabarik jartzen eremu babestuetan egiten diren jarduerei.

Azaldu duenez, legea gune naturaletan garatzen diren jarduera ekonomiko jakin batzuei "enbarazu ez egiteko" dago planteatuta, eta ekologiaren ikuspuntutik "onartezina" da.

Bere kritiketako bat EAJri zuzendu dio; izan ere, Euskadin gas putzuak esploratzearen eta ustiatzearen "alde" egotea leporatu dio, baina "frackingaren" teknika ez dela azpimarratu du, "beste batzuk" baizik.

Albisteak (1)