Itxi

Elkarrizketa

"Tubacexek agerian utzi du borrokak eta grebek zerbaiterako balio dutela", Matuteren ustez

Eider Garaikoetxea O. | EITB MEDIA

Leer en Castellano

EH Bilduren diputatua "oso pozik" azaldu da Laudioko eta Amurrioko lantegietan akordioa lortu dutela eta. Gatazka lan erreformarekin ere lotu du: "Erreforma hori barik, Tubacexen ez litzateke auzitara jo beharko". Greba orokorra ere defendatu du: "Ezin dugu eliteen xantaia onartzen jarraitu".

Matute, Radio Euskadiko estudioetan. Argazkia: EITB Media

Tubacexen atzo lortutako akordioarekin "oso pozik" mintzatu da gaur Oskar Matute EH Bilduko diputatuak. Nabarmendu duenez, gatazka horrek "agerian utzi du borrokak eta grebek zerbaitetarako balio dutela". Ildo beretik, greba orokorrerako deialdia ere defendatu du Matutek: "Ezin dugu eliteen xantaia onartzen jarraitu".

Radio Euskadiko "Boulevard" saioan egin dioten elkarrizketan, Tubacexeko 723 familiek zortzi hilabete hauetan pairatutakoa salatu du. "Inork nahiko ez lukeen egoeran jarri behar izan ziren, soldata jaso gabe, eta askotan hedabideen isiltasuna jasaten. Agerian utzi dute borrokak eta grebek zerbaitetarako balio dutela", aldarrikatu du.

Era berean, lan erreforma "lehenbailehen" baliogabetu behar dela azpimarratu du, "jendeak txirotzen jarraitzen" duelako eta "langileen kontrako erasoak baimentzen" dituelako. Hain justu, araudi hori Tubacexen gatazkarekin lotu du, erreforma hori ez balego auzia ez zelako epaitegietara helduko, eta, beraz, ez litzatekeelako hainbeste denboran luzatuko. Matuteren ustez, baliogabetzea patronalaren babesik gabe onartu beharko luke Espainiako Gobernuak: "CEOE eta Cepime patronalak ez dira hauteskundeetara aurkezten, ezin da onartu hainbeste botere edukitzea".

Greba orokorraren balizko deialdi baten aurrean, Matutek erantzun duenez, "egin behar bada, egin egingo da", "zerbait lortzeko balio duela sinetsita". "Argi dagoena da ezin dugula eliteen xantaia onartzen jarraitu", erantsi du. Horren ildoan, gogorarazi du mobilizazioak daudela deituta argindarraren garestitzearen aurka eta EH Bilduk babestu egin dituela. EH Bilduko diputatuaren ustez, Sanchezek erreforma fiskala egin behar du arlo horretan, eta auzian "eskua sartu". "Bestela, Sanchezek kalean ikusiko du jendea", ohartarazi du.

Iberdrola ahotan, "sosak soberan" dituela uste du Matutek, Antonio Miguel Carmona buruzagi sozialista presidenteorde izendatu baitute.

Pablo Casadok PP Gobernura helduz gero Jaurlaritzari espetxe eskumena kenduko diola adierazi ondoren, koalizio abertzalearen diputatuak adierazi du "Voxek izututa" duela, "euren boto-emaileen zati bat kenduko dielakoan". Dena dela, erakutsitako "zintzotasuna" eskertu dio PPko buruzagiari: "Beste muturrean dago EH Bildu".

Azkenik, EH Bildurekin "akordio handiak" lortzeko Eneko Anduezak adierazitako prestutasuna "aurrerapausoa" dela aitortu du Matutek, eta esan du irudikatzen duela koalizio subiranista "gehiengoa duen Euskal Herriko indar politiko gisa". Testuinguru horretan, honakoa esan du Alternatibako kideak: "Ezkerreko jendea hurbildu egin beharko da, eta kontrara, gizarteak zigortu egingo du hala egiten ez duena".

Albisteak (2)