Aietetik 10 urtera
Bake prozesuaren lorpen eta erronken inguruan hausnartuko dute hainbat adituk Aietetik 10 urtera
O. P. | Eitb Media
Aieteko konferentzia antolatu zuten Conciliation Resources eta Berghof Fundazioak, eta Foro Sozialak eta Bake Bideak 'Aietek 10 urte. Irakaspenak eta Erronkak' Nazioarteko Jardunaldiak antolatu dituzte urriaren 14, 15 eta 16rako.
Datorren urriaren 17an hamar urte beteko dira Euskal Herriko Gatazka Konpontzeko Nazioarteko Konferentzia (edo Aieteko Konferentzia) egin zenetik. Urteurrena aitzakia harturik, Aieteko konferentzia antolatu zuten Conciliation Resources eta Berghof Fundazioak, eta Foro Sozialak eta Bake Bideak 'Aietek 10 urte. Irakaspenak eta Erronkak' Nazioarteko Jardunaldiak antolatu dituzte.
Hala, urriaren 14, 15 eta 16ean hogei bat hizlarik, giza eskubide eta bake prozesuetan adituak tartean, bai eta eragile politiko eta sozialak ere, erpin desberdinetatik hausnartuko dute euskal bake prozesuaren inguruan, bai eta munduko beste gatazka batzuen inguruan ere; era berean, euskal kasuan nahiz mundu mailan bakegintzan egindako aurrerapenei erreparatuko diete eta etorkizuneko erronkak aztertuko.
Urteurrenaren harira, azken hamarkadan, oztopoak oztopo, gatazkaren transformazioan egindako aurrerapenen inguruko hausnarketa bultzatu nahi du. Etorkizunean ere jarriko dute bista, ordea, "pandemiaren osteko mundu berri honetan bakearen arloan ditugun erronkak aztertzeko eta eztabaidatzeko", bai eta "euskal prozesuaren irakaspen eta erronken inguruan" hausnartzeko ere.
Urriaren 14an Aieteko Jauregian ekingo zaie jardunaldiei, Martin Griffithen Bakerako erronkak Covid-19aren osteko egoeran hitzaldiarekin eta Jonathan Powell, Brian Currin, Teresa Witfield eta Sergio Jaramillo bilduko dituen Bake prozesuen garapena azken hamar urteotan mahai-inguruarekin.
Ostiralean, hilak 15, Kursaalek hartuko ditu jardunaldiak. 10:00etan, Andy Carlek, Veronique Dudouetek eta Paul Riosek, Aitzpea Leitzaola moderatzaile dutela, Euskal Bake prozesuaren irakaspenak aletuko dituzte mahai-inguru batean.
Segidan, 11:30ean, Brian Currin, Roberto Manrique, Carmen Galdeano eta Agus Hernan Euskal Bake prozesuaren erronkak identifikatzen saiatuko dira.
Arratsaldean, Juan Jose Ibarretxe, Quim Torra, Amalur Alvarez eta Jordi Cuixart, Stephen Gethins moderatzailearekin, Aieteko Adierazpenaren laugarren puntua sakon aztertzen arituko dira, Gatazken eraldaketa demokratikoa izeneko mahai-inguruan.
Larunbatean, urriaren 16an, 08:45ean hasita, Baionako Henri Grenet antzokian, euskal eragile politiko eta sozialen erronka jakinen inguruko jardunaldia egingo dute. Jean-Daniel Elichiryren (Bake Bidea – Bakegileak) sarreraren eta Véronique Dudoueten (Fondation Berghof) mintzaldiaren ostean, mahaiaren bueltan bilduko dira Jean-Jacques Lasserre, Jean-Rene Etchegaray, Fredérique Espagnac eta Max Brisson Euskal Herriko hautetsi eta aktore politikoen begirada izeneko mahai-inguruan.
Ondoren, Caroline Guibet Lafaye, Anaiz Funosas (Bake Bidea) eta Agus Hernan (Foro Soziala) Beatrice Molle moderatzailea dutela, Aietetik 10 urtera egin dena eta etorkizuneko erronkak aztertuko dituzte.
Azken mahai-inguruak Bake prozesua, posible den parioa? izenburua du, eta Brandon Humber, Carlos Beristain eta Jean Pierre Massias izango ditu partaide.
Brian Currinek itxiko ditu jardunaldiak, Euskal Herriarentzat desafioak hitzaldiarekin.
Izen-emateak zabalik daude Bake Bidearen webgunean.