Itxi

Aurrekontu orokorrak

PSOE eta Podemos akordiora iritsi dira aurrekontu orokorretan eta Etxebizitza Legean

Agentziak | Eitb Media

Leer en Castellano

Etxebizitza Legea adostuta, ziurra du PSOEk Podemosen babesa aurrekontuen bozketan. Halaber, sozietateen gaineko zergan gutxienez % 15eko tasa ezartzea erabaki dute.

Yolanda Diaz eta Pedro Sanchez. EFE.

Espainiako Gobernuko koalizioa osatzen duten bi alderdiek, PSOE eta Unidas Podemosek akordioa erdietsi dute 2022ko Estatuko Aurrekontu Orokorrak eta Etxebizitzaren Legea onartzeko. 

Etxebizitzaren Legea onartzea ezinbesteko baldintza zuen Unidas Podemosek aurrekontuari oniritzia emateko. Ostegun honetan egingo den Ministroen Kontseiluan onartuko dituzte aurrena eta ondoren Diputatuen Kongresura pasako dira, bozketarako. Felix Bolaños Presidentziako ministroak azaldu duenez, Gobernuaren asmoa da, orain bide parlamentarioa hasiko duten kontu publikoak abenduaren 31rako onartuta egotea. 

Arauak ezarritako epetik kanpo iritsi da akordioa hala ere, izan ere, Diputatuen Kongresura iraila amaitzerako iritsi behar dira, berez, aurrekontuak.  Epemuga hori dela eta, negoziazioek abiada bizia hartu dute azken egunetan. 

PSOEren eta Unidas Podemosen arteko akordioak, Etxebizitza Legeari dagokionez, mugak jartzen dizkie etxejabe handien alokairuen prezioei, tentsiozko-merkatu eremuetan erreferentziazko indizeak ezarriz kontratu guztientzat. 

Hala, etxejabe handiei, jabetzan 10 etxebizitza baino gehiago dituztenei, "pribilejio fiskalak" kenduko dizkiete eta murriztu egin beharko dituzte, legez, alokairuen prezioak. 

Bestetik, etxejabe txikiek ere alokairuen prezioak jaistea bilatuko da, baina, kasu honetan, "prezioak izoztea" izango da formula, "abantaila fiskalak" eskainiz hala egiten dutenei. 

Horrez gain, akordioak % 150eko errekargua ezartzen du Ondasun Higiezinen gaineko Zergan etxebizitza hutsen kasuan; Udalek aplikatu ahal izango dute neurri hau. Halaber, araudi berriak alokairurako parke publikoaren alde egiten du, etxebizitza-sustapen guztien % 30 gordez etxebizitza babestuetarako, eta horien erdiak alokairu sozialerako. 

250 euroko bonu gaztea

Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak iragarri duenez, Espainiako Gobernuak onartuko duen Etxebizitza Lege berriak 'bonu gazte' bat sortuko du, datozen bi urtetan hilean 250 euroko laguntza jasoko duena, hain zuzen. 

Sanchez presidenteak azaldu duenez, bonu horrek 18 eta 35 urte bitarteko gazteei egingo die mesede, baldin eta urtean 23.725 eurotik beherako diru-sarrerak badituzte. Gainera, familia ahulenen kasuan, bonu gaztea alokairurako zuzeneko laguntza gehiagorekin osatu ahal izango dela jakinarazi du, % 40raino.

"Politika publiko bat bideratuko dugu gure herrialdean emantzipatzeko adin hain altua murrizteko, gazteek alokairuko etxebizitza duin bat eskuratu ahal izan dezaten Estatuko Administrazio Orokorraren laguntzarekin", azpimarratu du presidenteak.

Sozietateen gaineko zerga

Bestalde, Felix Bolañosek baieztatu duenez, 2022ko aurrekontu proiektuak sozietateen gaineko zergan% 15eko gutxieneko tasa jasoko du , "nazioarteko adostasunera egokitzeko". Bolañosek gogorarazi duenez, neurri horretaz aparte, "abian da erreforma fiskal bat"; adituen batzordea ari da hura aztertzen 2022ko otsailean txostena aurkeztu behar baitu.

Sozietateen gaineko zergarako gutxieneko tasa bat ezartzea izan da Gobernu barruko aurrekontuen negoziazioan gakoetako bat; izan ere, Unidas Podemosek neurria jasotzea eskatzen zuen bitartean, PSOEK nahiago zuen erreforma fiskalari itxarotea.

Sozietateen gaineko zergak % 25eko tasa nominala du –Bankuentzat eta petrolio-enpresentzat izan ezik, % 30ekoa baita haientzat–, eta neurri honekin enpresa handiek zergak % 15etik behera ordaintzen ez dituztela bermatu nahi da neurri hoenkin.

Pablo Echenique Unidas Podemosek Kongresuan duen bozeramaileak ere baieztatu du bi alderdiek puntu honetan erdietsitako akordioa. "Bidezko zerga da", esan du, "proportzionalki enpresa handiek baino gehiago ordaintzen duelako ileapaindegi batek edo beste negozio txiki batek, eta badira % 0 ordaintzen duten bankuak ere".

Gainera, zergen deskonpentsazio hori "Estatuaren diru-sarrerentzako murrizketa" dela azpimarratu du, eta, besteak beste, hezkuntzaren, osasunaren eta menpekotasun legearen kalterako izango izaten dela gaineratu du.

Europako 25 mila milioi

Ostegun honetan Ministroen Kontseiluak onartuko duen 2022rako Estatuko Aurrekontu Orokorren lege-proiektuak Europako funtsen bigarren urteari dagozkion 25.000 milioi euroak barne hartuko ditu. 

Bolañosek azaldu duenez, funts horiek "ekonomia indartzeko eta sendoago eta jasangarriago egiteko balioko dute". 2021eko aurrekontuan sartu zen funtsen lehen urtea, 27.000 milioikoa, une horretan Europar Batasunean oraindik onartuta egon ez arren, lehenbailehen erabili ahal izateko.

Albisteak (2)