BARNE GATAZKA
EAko barne gatazkan "neutraltasuna" eskatu diote kritikoek Otegiri eta EH Bilduri
XABIER URTEAGA | EITB MEDIA
Eusko Alkartasunako hainbat militantek Maiorga Ramirez, Miren Aranoa eta Esther Korres kritikoei irekitako espedienteak bertan behar uzteko eskatu dute Iruñean egindako elkarretaratzean.
Eusko Alkartasunako zuzendaritzak sektore kritikoko buruzagiei irekitako kaleratze espedienteak bertan behera uzteko eskatu dute EAren Nafarroako hainbat afiliatuk. Alderdi barruko ezberdintasunak primarioak eta Kongresua eginez konpondu behar direla azpimarratu dute, eta EH Bildu koalizioari "neutralatasunez" jokatzeko eskatu diote.
Iruñean, Gaztelu plazan, Eusko Alkartasunaren egoitzaren kanpoaldean egin dute elkartasun ekitaldia kritikoekin bat egiten duten afiliatuek. Alderdiaren zuzendaritzak Maiorga Ramirezi, Miren Aranoari eta Esther Korresi irekitako kaleratze espedienteek ez dutela "ez hanka eta ez bururik" esan du Maria Jose Mangado EAren Nafarroako Asanbladako presidenteak eta elkartasuna adierazi diete.
Alderdi barruko gatazkaren muniari irtenbidea ez dela "alderdikideak kanporatzea" berretsi dute, "primarioak egitea baizik".
Eta jada hilabete askotan luzatzen ari den alderdi barruko ika-mimaren aurrean "neutraltasuna" eskatu diote bai EH Bildu koalizioaren egiturei baita Arnaldo Otegi koordinatzaile nagusiari ere. Horiei, izan ere, EAren zuzendaritzaren jarrerarekin bat egitea egotzi diete, eta beraz, kritikoen aurka egotea.