Itxi

Servini epailearen inputazioa

Zer bide juridiko izan dezake Martin Villa ministro ohi frankistaren auzipetzeak?

AMAIA ETXEBERRIA | EITB MEDIA

Leer en Castellano

Adituek diotenez, bidea luzea eta zaila izango da, baina Servini epailearen autoak agerian utzi du frankismoak sortu zuen egitura errepresiboa gizateriaren aurkakoa zela, eta horren inpunitatea lehen aldiz pitzatu dela.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Rodolfo Martin Villa ministro ohi frankistaren inputazioaren biharamunean, guztion burura datorkigun galdera honako hau da: eta orain zer? Zer bide juridiko izan dezake inputazio horrek? Adituengana jo dugu euren iritzia jasotzera.

Martin Villaren abokatuek inputazio horren aurkako helegitea aurkeztuko dutela ziurtzat jo du Jose Ramon Bengoetxea Zuzenbidean doktoreak. Horren iritzian, zaila dirudi epaiketa egingo zaionik. Aurkeztutako helegitea baztertu eta epaiketara iristekotan, Martin Villa bera aurkeztuko ote den edota pertsonalki ez agertzeak zer eragin izango zukeen ikusi beharko da.

Ondoren, prozesuak jarraituko balu, autoan egozten zaizkion 1976ko Gasteizko eta 1978ko sanferminetako hilketetan ardura pertsonalik ote duen frogatu beharko litzateke. Hortaz, bidea oso luzea izan liteke. Bengoetxearen hitzetan, "frogatu egin beharko da norainoko erantzukizun pertsonala daukan. Interesanteena da episodio horiek kokatzen direla prozesu zabalago baten baitan".

Hilketa haiek guztiak epaitzeko legezko oztopo nagusiak bi dira: delituen preskripzioa eta 77ko Amnistia Legea, Espainiari, hainbatetan, baitan Nazio Batuen erakundetik ere bertan behera uzteko eskatu zaiona.

Oztopoak gorabehera, Maria Servini epailearen autoak ezbaian jarri du frankismoaren eta trantsizio garaiko inpunitatea, justizia unibertsalak eta gizateriaren aurkako delituen testuinguruan kokatu baititu Villaren aurkako delituak.

"Guretzat oso inportantea da, zeren lehendabiziko aldiz gutxienez jurisdikzio internazionaletik frankismoaren elementu inportante baten kontra erantzukizuna eskatzen da, lehen aldiz 85 urtean", nabamendu du Josu Ibargutxi Frankismoaren Krimenen Kontrako Plataformako kideak.

Hau da, lehen aldiz pitzatu da Espainian frankismoaren eta trantsizioaren inguruan eratuta dagoen inpunitatea, eta autoak agerian utzi duela frankismoak sortu zuen egitura errepresiboa, egitura hura bera zela gizateriaren aurkakoa.

"Ez bada azkenean gutxienez amaieraraino iristen, bai kolokan jartzen du zer nolako justizia penalaren sistema garatu zen trantsizio garaian, inpunitatea eta Estatuko krimenak babesten zituena", ondorioztatu du Jose Ramon Bengoetxea Zuzenbidean adituak.

BIDEOA: German Rodriguezen anaia: "Guztion garaipena da, zalantzarik gabe":

 

Albisteak (1)

Bideoak (1)