Memoria historikoa
Martin Villa espetxeratzeko eskatuko dute frankismoaren biktimek
AGENTZIAK | EITB MEDIA
1976ko martxoaren 3an Gasteizen Poliziak egindako sarraskiarengatik eta 1978ko Sanferminetan German Rodriguez hiltzeagatik auzipetu du ministro frankista Maria Servini epaileak.
Argentinako Kereila Babesteko Estatuko Koordinadorak Rodolfo Martin Villa ministro frankista espetxeratu dezala eskatuko dio Maria Servini epaile argentinarrari. 1976ko martxoaren 3an Gasteizen Poliziak egindako sarraskiarengatik eta 1978ko Sanferminetan German Rodriguez hiltzeagatik auzipetu du ministro frankista.
Halaber, koordinadorak jakinarazi du 78ko Sanferminak Gogoan plataformak testigantza eta dokumentazio gehiago biltzen saiatuko dela, Martin Villa beste hainbat krimenengatik ere auzipetu dezaten.
Eduardo Fachal abokatu argentinarrak azpimarratu du prebentziozko espetxeratzea eskatuko dutela Martin Villaren aurka. Alabaina, zehaztu du kartzelatzea auzipetze-autoa irmoa denean soilik gauzatu ahalko dela eta horrek luze jo dezakeela, ministro frankistak errekurtsoa jartzeko asmoa iragarri baitu.
Bestalde, Jacinto Lara koordinadorako abokatu espainiarrak azaldu duenez, Servini epaileak ikerketan laguntzeko eskatu die Espainiako Estatuko botereei bere autoan. Ildo horretan, Espainiako Gobernuari, fiskalei eta epailei prozesu honetan traba gehiagorik ez jartzeko exijitu die Larak.
Horrez gain, memoria historikoaren lege-proiektuan frankismoan nahiz trantsizio garaian izandako krimenen biktimei babes judizial eraginkorra bermatzeko zuzenketak onar ditzatela eskatu dio Espainiako Gobernuari.