Elkarrizketa
Otegik onartezintzat jo du EAJk urriaren 18ko adierazpenaren zintzotasuna zalantzan jarri izana
EITB MEDIA
"Zelaia lokazteko eta EH Bilduri kalte egiteko" Alderdi Popularrarekin eta Voxekin bat egin izana leporatu dio Arnaldo Otegik EAJri. Bestalde, Jesus Eguigurenek adierazi du EH Bilduk eta Sortuk eskatzen zitzaien urratsa eman dutela eta, beraz, "aro berri bat" hasi dela.
Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaile nagusiaren arabera, "onartezina" da Euskal Herriko ezker indepdentistak ETAren biktimen mina aitortuz urriaren 18an egindako adierazpenaren zintzotasuna zalantzan jartzea, eta esan du "sektore politiko jakin bat haserre" dagoela EH Bilduk eta Sortuk emandako urratsarekin.
Astelehen goizean adierazpena irakurri ondoren, arratsaldean Otegik EH Bilduren batzar ireki batean hartu zuen parte Eibarren, eta bertan esan zuen koalizio subiranistaren helburuetako bat presoak etxeratzea dela, eta horretarako Estatuko Aurrekontuak babestu behar badituzte, hala egingo dutela.
Adierazpen horiek soka luzea ekarri dute. PPk, Voxek eta Ciudadanosek Espainiako Gobernuaren aurka egiteko baliatu dituzte, eta EAJk, bere aldetik, zalantzan jarri du EH Bilduk biktimen sufrimenduari buruz egindako aitortzaren zintzotasuna.
Radio Euskadiko "Ganbara" saioan egindako elkarrizketa batean, EH Bilduko bozeramaileak esan du polemika hau guztia "neurriz kanpokoa" dela eta euskal ezker independentistaren adierazpena "erabat zintzoa" dela. Halaber, PPrekin eta Voxekin bat egin izana egotzi die jeltzaleei, eta alderdikeriaz jokatu izana.
"Herri honetan gehiengoa poztu egin da urriaren 18ko adierazpenarekin, zubiak eraikitzeko balio duela ulertu dute, baina sektore politiko bat haserre dago", deitoratu du.
"Hautsak harrotu nahi dituzte, zelaia lokazteko eta EH Bilduri kalte egiteko. Haserre daude ezin dutelako jasan gauzak aldatzea eta aldaketa ezker independentistaren eskutik heltzea", adierazi du EAJri aipu eginez.
Otegik zehaztu du Eibarren izan zela udalerri horretan EH Bilduk eta PSE-EEk ituna egin dutelako, "baina berri hori ezkutatu egin nahi izan dute".
Presoen eta Espainiako Aurrekontuen harira, galdetu du ea albistea den bere helburuetako bat presoak etxeratzea izatea. "2021ean deskubritu dute Arnaldo Otegik eta EH Bilduk presoen askatasuna nahi dutela. Hori ez zen jakina orain arte. Pulitzer saria merezi dute", adierazi du ironiaz.
Gaineratu duenez, EH Bildu aurretik ere babestu ditu Estatuko Aurrekontuak, eta PSOErekin eta Unidas Podemosekin akordioa egin du gai sozioekonomikoetan.
Ildo berean, ondoko galdera egin du: "200 presoak askatzen badituzu, Aurrekontuak onartuko dizkizut. Norbaitek uste al du hau horrela egiten dela?".
Edonola ere, Otegiren arabera, EH Bilduk "zubiak eraikitzen" jarraituko du bakea eta bizikidetza sendotzeko, eta Madrilen arduraz lan egingo du, euskal herritarren bizi-baldintzak hobetzeko akordioak lortzeko.
Bestalde, Jesus Eguigurenek azpimarratu du asteleheneko adierazpenarekin EH Bilduk eskatzen zitzaion urratsa eman duela, baina EAJri "lasai" egoteko esan dio, "sozialistak eta independentistak ez direlako gobernua osatzeko aukera aztertzen ari".
Aurrerantzean, Euskadiko Alderdi Sozialistarentzat EH Bildu "beste alderdi bat gehiago" izango dela eta "aro berri bat" hasiko dela nabarmendu du.