Itxi

Lan-erreforma

Espainiako Gobernu "osoak" du konpromisoa lan-legeria "modernizatzeko", dio Sanchezek

AGENTZIAK | EITB MEDIA

PSOE eta Unidas Podemos, hau da, Espainiako Gobernua osatzen duten bi alderdiak, ordu eta erdiz bildu dira, lan-erreformaren inguruan sortutako desadostunak tarteko.

Pedro Sanchez, astelehen honetan. Argazkia: EFE.

Pedro Sanchez Espainiako presidenteak astelehen honetan ziurtatu duenez, Espainiako Gobernu "osoak" du konpromisoa lan-legeria "modernizatzeko"; Sanchezek adierazi ere adierazi du hori bezalako negoziazio bat, kontuan izanik asmoa dela luzaroan irautea, "Europan egiten duten bezala" egingo dutela Espainian ere, hau da, gizarte-elkarrizketa baliatuz eta adostasuna bilatuz.

Astelehen arratsaldean, Espainiako Gobernuan koalizioa duten bi alderdiek, alegia, PSOEk eta Unidas Podemosek, bilera izan dute; izan ere, desadostasunak sortu dira Gobernuan, lan-erreformaren harira. Sanchezek bilera hori egiteko ordu batzuk falta zirela egin ditu adierazpenak.

Nabarmendu duenez, lan-legeak aldatzeak hiru helburu ditu: lan-prekaritatea "kentzea", ekonomian lehiakortasuna bultzatzea, eta, enpresarien eta langileen arteko negoziazioan, "oreka berriro ezartzea". Aurretik, Espainiako Gobernuko presidenteak aldeztuta zuen erakundeak "modernizatzea, ahalik eta aukera gehien sortze aldera, eta ekonomia-hazkunde horren etekinak ahalik eta zuzenen banatzea xede". Hori dena, esan duenez, "adostasun handiena lortuta" egin behar da.

Diazek haren jarrera "argitzeko" eskatu dio PSOEri

Testuinguru horretan, Espainiako bigarren presidenteorde eta Espainiako Gobernuko Lan ministro Yolanda Diazek eskaria egin dio PSOEri; hain zuzen, eskatu dio, "Gobernuan gehiengoa duen beste alderdia dela kontuan izanik", PPren lan-erreformaren gaineko eztabaidan "haren jarrera argitzea": "Bereziki", esan du, "adierazpen desberdinak egiten ari direlako", zehaztu du.

Diazek gaitzetsi du "Gobernuko zati bat, gaur egun ere, lan-legeen aldaketako edukiak ere" ari dela eztabaidatzen. Hala, astelehen honetako bileraz galdetu diotenean (Unidas Podemosek eskatu zuen koalizioaren egoera jarraitzen duen mahaia deitzea, Nadia Calviño Espainiako lehen presidenteordeak esku-sartzeak eginda), bigarren presidenteordeak eskatu du "negoziatzaileei lan egiten uztea"; hori bai, onartu du negoziazio hori "egoera zailean" ari direla egiten.

Calviñoren iritziz, Espainiako Gobernuak ahots bakarra izan beharko luke

Espainiako Gobernuko lehen presidenteorde eta Ekonomia Gaietarako ministro Nadia Calviñok berak nabarmendu du Espainiako Gobernuak "ahots bakarra" izan behar duela, lan-erreforma bezalako kontuetan, eta babestu du garrantzitsua dela "Ministerioen artean "koordinazio egokia eta lankidetza ona" egotea.

"Ez da garrantzitsua ministro batek ala beste batek egitea adierazpenen bat; garrantzitsua da Gobernuaren jarrera adieraztea, eta, horretarako, beharrezkoa da koordinazio egokia eta lankidetza ona izatea, eta kontu bakoitzean nahastuta dauden Ministerio guztietako ordezkaritza egotea", esan du.

Astelehen arratsaldean, PSOE eta Unidas Podemos koalizioaren egoera dute aztergai; helburua da lan-erreformaren gainean sortutako lehiari konponbidea ematea.

Albisteak (1)