Nafarroako Aurrekontuak
Nafarroako Gobernuak eta EH Bilduk "akordio partziala" lortu dute 2022ko Aurrekontuak onartzeko
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Gauzak horrela, Maria Chiviteren Gobernuak babes nahikoa izango luke Parlamentuan aurrekontu-proiektua aurrera ateratzeko; izan ere, Navarra Sumak bakarrik bozkatuko luke kontra.
Nafarroako Gobernuak eta EH Bilduk "akordio partziala" lortu dute 2022ko Aurrekontu-proiektuaren harira. Hortaz, eta behin betiko ituna adostu ez badute ere, ematen du Maria Chiviteren exekutiboak babes nahikoa izango duela Parlamentuan egitasmoa aurrera ateratzeko. Gaur gaurkoz, Navarra Sumak soilik bozkatuko luke kontra.
EH Bilduko eta Nafarroako Gobernuko ordezkariek hainbat bilera egin dituzte azken asteetan, datorren urteko Aurrekontuen harira. Ildo horretan, atzo udalen finantzaketari buruzko akordioa egin zuten Parlamentuan.
Gaur arratsaldean egin duten batzarraren ostean, Javier Remirez Nafarroako presidenteordeak adierazi du "aurrerapen esanguratsuak" izan direla eta zehaztu du zergen atala adostea falta zaiela. "Oraingoz, balorazioa positiboa da, urratsak ematen segitzen dugulako", erantsi du.
Bestalde, Bakartxo Ruiz EH Bilduko bozeramaileak azpimarratu du 2022ko Aurrekontuak onartzeko "akordio integralaren bidean beste aurrerapauso bat" eman dutela gaurkoan.
"Atzo urrats garrantzitsua eman genuen udalen finantzaketari lotutako akordioa eginda eta gaur beste bat eman dugu norabide egokian", erantsi du.
Aste honetan Nafarroa Garaiko aurrekontuen negoziazioan urrats garrantzitsuak eman ditugu.
— Bakartxo Ruiz (@BakartxoR) October 26, 2021
Atzo, udal finantziazioari lotutakoa. Gaur, aurreproiektuan lehentasunezko neurri jakin batzuk jasotzea.
Oraindik bidea dago egiteke, baina norabide egokian goaz aurrera. https://t.co/Nwr4GhJ1jb