Itxi

USTELKERIA PP-REN BAITAN

Auzitegi Nazionalak Barcenas eta PP zigortu ditu, Genovako egoitzaren erreforma B kutxarekin ordaintzeagatik

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Leer en Castellano

Bi urteko espetxe-zigorra ezarri diote PPko diruzain ohiari, Madrilgo Genova kaleko egoitza eraberritzeko milioi bat euro baino gehiago legez kanpoko ordaintzeagatik. Halaber, deklaratu gabeko diruaren zati baten erantzule subsidiarioa izatea egotzi diote Alderdi Popularrari.

Luis Barcenas PPko diruzain ohia. EFE.

Auzitegi Nazionalak ebatzi du Luis Barcenas PPko diruzain ohiak kontabilitate paralelo bat (B kutxa) erabili zuela alderdian. Hala, Barcenas eta Alderdi Popularra zigortu ditu Madrilgo Genova kaleko egoitza eraberritzeko diru beltza erabiltzeagatik. Zehazki, 1.072.000 euro xahutu zituzten obra horretan.

Zigor Arloko Bigarren Atalak bi urteko kartzela-zigorra ezarri dio PPko diruzain ohiari ordainketa hori "fakturazioa eta kontabilitate ofiziala alde batera utzita eta Ogasun Publikoari aitortu gabe" gauzatzeagatik.

Halaber, Ogasun Publikoari deklaratu gabeko diruaren zati baten erantzule subsidiarioa izatea egotzi Alderdi Popularrari.  

Ebazpenean azaltzen denez, Barcenas 1990tik 2008ra arte izan zen PPko diruzaina eta urte horietan guztietan donazio pribatuetatik jasotako eskudirua kudeatu zuen, "B" kontabilitatea erabilita. Ezkutuan jasotako diruarekin egindako gastuak ez ziren kontabilitate ofizialean agertzen eta, ondorioz, Kontu Auzitegiak ez zituen fiskalizatu.  

Barcenasek aurkeztutako paperen sinesgarritasunari dagokionez, epaimahaiak dio bertan aipatzen diren hainbat datu eta informazio benetakoak direla egiaztatu ahal izan dutela.

Ildo horretan, aringarri bat aplikatu diote Barcenasi, auzi honetan Justiziarekin kolaboratu duela kontuan hartuta.

Bestalde, Genovako egoitzaren obra gauzatu zuen Unfica enpresako jabea, Gonzalo Urquijo, eta haren bazkide Belen Garcia ere zigortu dituzte. Bi urteko eta bederatzi hilabeteko kartzela-zigorrak ezarri dizkiete eta 2,6 milioi euroko isuna ordaindu beharko dute, 2007ko sozietateen gaineko zergarekin Ogasun Publikoaren aurkako iruzurra egiteagatik eta dokumentu faltsuak aurkezteagatik.

Kasu honetako gainerako auzipetuak, berriz, absolbitu egin dituzte: Cristobal Paez PPko gerente ohia eta Laura Montero Unfica konpainiako langilea.  

Albisteak (4)