13/13 sumarioaren epaiketa
CNIk ikerketan izandako papera kritikatu eta frogak baliogabe uztea eskatu dute defentsek
Agentziak | EiTB Media
Hiru abokatuk ondorioak aurkeztu dituzte, eta frogen jatorrian jarri dute arreta. CNIk Halboka txostena egin zuela uste dute. Poliziaren ondorengo ikerketak txosten hori du "oinarri".
Zenbait akusaturen defentsak absoluzioa eskatu du asteazken honetan, frogen baliogabetasuna argudiatuz. "ETAren fronte juridikoa" osatzea leporatzen diete. Era berean, Inteligentzia Zentro Nazionalak (CNI) ikerketan izandako "funtsezko papera" kritikatu dute abokatuek. Horrela, CNIk Halboka txostena egin zuela uste dute. Poliziaren ondorengo ikerketak txosten hori du "oinarri".
13/13 auziko epaiketan, ondorioak aurkeztu dituzte hiru abokatuk, eta guztiek frogen jatorrian jarri dute arreta.
Alfonso Zenon Arantza Zuluetaren eta Jon Enparantzaren abokatuak absoluzioa eskatu du, eta akusatuen oinarrizko eskubideak urratu direla salatu du.
Akusatuek aurkeztutako frogak ez dituztela onartu esan du Zenonek. Abokatuaren hitzetan, epaiketak "ez du oinarririk", eta benetako babes judizialerako eskubidea urratu dela erantsi du. "Frogarik ez onartzeak defentsa-gabezia eragin du", kritikatu duenez.
Baina larriena Halboka txostena da, abokatuak azpimarratu duenez, eta "CNIren esku-hartzea" prozesuan. "Aditu judizialek garrantzia kendu diote, esku-hartze hori legez kanpokoa izan dela badakitelako", nabarmendu du.
Horrela, ikerketa judizialak CNIren txostena "oinarri" duela errepikatu du Zenonek. Ondorioz, abokatuaren esanetan, "botere-banaketa" urratu dute.
Jone Goirizelaia Naia Zurriarrainen abokatuak absoluzioa eskatu du. Zuriarrainek salatutako torturak hizpide izan ditu Goirizelaiak. Abokatuaren ahotan, frogak "oinarrizko eskubideak" urratuz lortu zituzten, eta, beraz, "ezin dira erabili".
Azkenik, epaimahaiari zuzendu zaio Goirizelaiak. Abokatuaren ustez, ezker abertzalea "bizikidetzarako egoera ezberdin bat sortzen" saiatu da. "Epaian absoluzioa erabakitzea eta aurrera egiten laguntzea eskatzen dizuet, horixe nahi dugulako, bidezko gizarte bat eta bakea", laburbildu du.
Iker Sarriegiren abokatuak absoluzioa eskatu du, aurrekoek egin bezala. CNIk prozesuan izandako "funtsezko paperean" arreta jarri du defentsak. "CNIk prozeduran izandako funtsezko jarduera zergatik ukatzen duzue? Oso argia izan da eta", galdetu du.
Testuinguru horretan, prozesuan funtsezkoa izan den aldea egoitza judizialean agertu ez izana kritikatu ordezkariak. Zentzu horretan, Fiskaltzak "CNIko kideen eta lekuko anonimoen" nortasunaren berririk ere ez du, nabarmendu duenez.
"Halboka tesia ez da Guardia Zibilaren hipotesia, CNIrena baizik. Fiskalak, behartuta, ikerketa miaketekin hasi zela esan du, ez txostenarekin. Ondorioz, froga eta guztia baliorik gabe uztea beste irtenbiderik ez dagoela uste dugu", errepikatu du.
Ostegunean berriz helduko diote epaiketari, 10:00etan, Nerea Redondoren eta Saioa Agirreren abokatuen ondorioekin.