forum europa-tribuna euskadi
Lehendakariak "dumping fiskala" egitea egotzi dio Madrilgo Erkidegoari
agentziak | eitb media
Gainera, kezka agertu du "zenbait erkidego zerga-paradisu" bilakatu litezkeelako. Bere aldetik, Isabel Diaz Ayusok erantzun du "inbidiaz" begiratzen diotela Madrilgo Erkidegoari.
Iñigo Urkullu lehendakariak kezka agertu du Madrilgo Erkidegoko zergen jaitsierak eragin lezakeen "dumping fiskala"ren aurrean, "zenbait erkidego zerga-paradisu bilakatu" liratekeelako.
Forum Europa-Tribuna Euskadi ekitaldiaren testuinguruan egin ditu adierazpenok. Bertan, Madrilek bere zerga-sistemaren inguruan hartutako neurrien inguruan aritu da, besteak beste.
Lehendakariak gogora ekarri duenez, aurrekoetan ere hitz egin izan dute Madrilek duela zenbait urtetatik abian duen zerga-politikaren inguruan. Zentzu horretan, kezka eragiten dio "dumping fiskal" estrategia bat egoteko edo "zenbait erkidego zerga-paradisu" bilakatzeko aukerak.
Urkulluk azaldu du Euskadiri zerga-paradisu izatea egotzi izan diotela, kontuan hartu gabe ahalmen propioak dituela Estatuarekiko dituen finantza-harremanetarako.
Azpimarratu duenez, Euskal Autonomia Erkidegoak "aldebakarreko arriskua" hartuta kudeatzen ditu baliabide propioak, eta baliabide horiek nora bideratu erabakitzen du; gizarte-politiketara, inbertsioetara zein bestelako politiketara. Zentzu horretan, azpimarratu du 2022ko aurrekontuen proiektuan hamar eurotik zortzi gizarte-politiketara bideratuko dituztela.
Eredu sozial eta ideologikoak
Urkulluk azaldu du "diru-bilketa urriagoa bada, zenbait politiketarako gastu-ahalmena ere" halakoxea izango dela, gizarte-politikak, kasu.
Lehendakariaren esanetan, ez dakite beste helbururik egon daitekeen Madrilek esparru horretan "politika populista" egiteko estrategiaren atzean. Gero "Estatuari finantzaketa autonomikoa eskatuko diote diru-sarrera urriak orekatzeko", baina hori, esan duenez, "beste kontu bat da".
Ez dagozkion "gerretan" sartuko ez dela adierazi du, eta aipatutakoak "eredu sozial eta ideologikoekin" zerikusia duela, bere aburuz.
Ayusoren erantzuna
Isabel Diaz Ayusok, Madrilgo Erkidegoko presidenteak, lehendakariari erantzun dionez, "gauzak gaizki doazkienean, inbidiaz" begiratzen diete, eta "irain eginez" kritikatzen dituzte. Presidentearen esanetan, "hori asmatua dago, nazionalismo du izena eta, ezartzen denetan, jendea pobretu egiten du".
Lehendakariak leporatutako dumping fiskalari buruz adierazi duenez, "ez da ezer esateko horren inguruan, kontuan hartuta nahierako erregimen fiskala dutela, denetariko pribilegioekin".