Itxi

Ekitaldia Irunen

ETAren mehatxatuek jasandako "kaltea" gogora ekarri dute, "estigma bakardadean pairatu zutelako"

Agentziak | EiTB Media

Leer en Castellano

Espainiako Gobernuak Euskadin duen Ordezkaritzak eta Terrorismoaren Biktimen Memoria Zentroak ekitaldia antolatu dute Irungo udaletxean.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Espainiako Gobernuak Euskadin duen Ordezkaritzak eta Terrorismoaren Biktimen Memoria Zentroak gogora ekarri dute gaur ETAren mehatxatuek urteetan zehar jasandako "kalte etengabea". "Erabateko askatasunik gabe", gainera, "estigma bat bakardadean pairatu zutelako", Denis Itxaso Espainiako Exekutiboak EAEn duen ordezkariak azpimarratu dutenez.

Memoriaren Eguna dela eta ekitaldia egin dute Irungo (Gipuzkoa) udaletxean. Florencio Dominguez Memoria Zentroaren zuzendariak nabarmendu duenez, hildakoak, zaurituak eta bahituak "soilik ez" dira terrorismoaren biktimak, baita milaka mehatxatuak ere. Haien aitortzarik gabe "memoriaren mapa osatu gabe legoke", erantsi du.

Biktima horiek aintzat hartu ditu gaurko ekitaldiak, "ETA talde terroristaren mehatxua eta xantaia jasan zutenak", bizkartzainarekin edo babeserako neurriekin urteak eman zituztelako. Jose Antonio Santano Irungo alkateak ere hitza hartu du zeremonian.

Hala ere, Juan Luis Ibarra magistratua, Charo Zarzalejos kazetaria, Emiliano Lopez Achurra Petronorreko presidentea eta Asun Guerra Andoaingo PPren zinegotzi ohia izan dira ekitaldiko protagonista nagusiak. "Beldurraren" testigantza eskaini dute.

Eduardo Zubiaurre Confebaskeko presidentea eta zenbait enpresetako zuzendariak; epailetzako ordezkariak, besteak beste, Carmen Adan EAEko fiskal nagusia; eta komunikabidetako ordezkariak, tartean Gabriel Mugica Diario Vasco-ko zuzendari ohia, ekitaldian izan dira, baita Poliziako buruzagi batzuk ere.

Itxasoren hitzetan, "biktima izatea estigma bihurtu zen, eta burbuila baten bakardadean urteetan zehar jasan behar izan zuten" mehatxatuek, "onespenik ezaren isiltasun latzean harrapaturik".

Bestalde, ekitaldia egiteko Irun zergatik aukeratu duten azaldu du Dominguezek. Zentzu horretan, zerrendatu duenez, ETAk hildako gehien dituen EAEko laugarren udalerria da, 23 hain zuzen ere, gainera 86 eraso izan dira bertan, eta 104 kale indarkeria ekintza, 24 zauriturekin.

Mehatxatu kopuruari dagokionez, Bakearen Aldeko Koordinakundeak egindako azterketa aipatu du Dominguezek. Mehatxatuak "42.000 baino gehiago" direla zenbatu zuen.

Memoriaren Eguna azaroaren 10ean egiten da 2010etik. Asteazken honetan beste hiru ekitaldi izango dira: Eusko Jaurlaritzak eta Gogora Institutuak Gipuzkoako Aldundian antolatutakoa, Donostian; eta beste bi Gasteizen, Eusko Legebiltzarrean bat, eta PPk biktimen oroitarrian egingo duena.

 

Albisteak (4)

Bideoak (1)