Manifestazioa
EH Bilduk "mugarria" ezarri nahi du Bilboko azaroaren 20ko manifestazioan
eitb media
Santi Brouarden eta Josu Muguruzaren hilketen eta Francoren heriotzaren urteurrena baliatuta, Autonomia kalea bete nahi dute euren aldarrikapenak ozen entzun daitezen.
EH Bilduk Bilboko Autonomia kalea betetzera deitu du azaroaren 20ko manifestazioari begira, indar erakustaldia egiteko eta Euskal Herriaren independentzia, justizia, feminismoa, ekologismoa, antifaxismoa, euskara eta bakea aldarrikatzeko, "mugarri" izatea nahi duen ekitaldi batean.
Garazi Perea eta Oskar Matute EH Bilduko ordezkariek prentsaurrekoa eman dute gaur herritarrei zuzentzeko eta babesa eskatzeko datorren asteko mobilizazioari begira.
Oskar Matutek esan du "herri hau beste era batean eraiki nahi duten" herritar guztiak daudela parte hartzera deituta, "Euskal Herria maila guztietan errespetatu beharreko nazioa" dela uste dutenak. Estatuari "demokratizazio lanketa bat falta zaiola" ere salatuko dute mobilizazioan.
Diputatu independentistak esan du azaroaren 20an "euskal independentistek eta subiranistek herria bizirik dagoela erakusteko aukera" izango dutela, "gizon-emakume libre eta berdinen euskal errepublika eraikitzeko borrokan ari den" herria, hain zuzen ere.
"Azaroaren 20an, berdintasunean, ingurugiroarekiko errespetuan, justizia sozialean, erabakitzeko eskubidean eta printzipio demokratikoetan oinarritutako herri batean bizi nahi dugunok hitzordua dugu Bilbon", gaineratu du.
Izan ere, ohartarazi du datorren larunbatekoa ez dela izango "beste mobilizazio bat", "lur jota eta eragin politikorik gabe ikusi nahi gaituztenek kalkulagailua atera eta kontatu egingo gaituztelako", zeren "orduan eta jende gehiago egon Bilboko kaleetan, gehiago kezkatuko dira pribilejioak kolokan kusiko dituztelako".
Pereak jakinarazi du manifestazioaren amaieran "ekitaldi berezia" egongo dela Bilboko udaletxean. Bertan Arnaldo Otegik hartuko du hitza, eta "mugarri" izatea espero duten hitzaldia emango omen du.
Datorren azaroaren 20an "aitzakiarik ez" dagoela azpimarratu osten, adierazi du "asko" direla, "eraso eta trikimailuekin gainetik herritar subiranista ezkertiarrak".
Santi Brouard eta Josu Muguruza GALek azaroaren 20an, duela 37 eta 32 urte, hildako HBko buruzagiak ere izango omen dituzte gogoan manifestazioan.
Autonomia kalea lepo beteko dugu, mezu argi bat bidaltzeko: asko gara eta indartsu gaude. @M_Garaz: «Azaroaren 20an nazio libre, justo, feminista, ekologista, antifaxista, euskaldun eta baketsu baten aldarriak burrunba egingo du Euskal Herri osoan».#A20NBilbora pic.twitter.com/YcFBJRywHV
— EH Bildu #A20NBilbora (@ehbildu) November 14, 2021
Berretsi du "eskuindarrei, Casadori, Ayusori, Abascali edo Ortega Smithi" argi adieraziko dietela "ezin izan zutela eta ezingo dutela, Euskal Herrian ez dutela tokirik, azaroaren 20an murru antifaxista" altxatuko dutela "proiektu inposatzaile eta totalitarioen aurrean".
Bestalde, adierazi du "Euskal Herrian ere" hartzen direla "neurri zentzugabeak", Eusko Jaurlaritzaren ekinbideari erreferentzia eginez: "Ezin da beste era batera definitu Eusko Jaurlaritzak onartutako lege aldaketa interes orokorreko proiektuak udal akordioen gainetik jartzeko, kaltetutako herritarrei nahi ez dituzten proiektuak inposatzeko, berdin zabortegiak edo bestelako proiektu kutsakorrak".
Matutek salatu duenez, "Tapia Glasgowko goi-bileran agertu da ingurugiroarekin erabateko konpromisoa dutela adierazteko, baina aldi berean, zentzugabekeria hori egin dute".