Itxi

Agiria

ETAk 'elkarrizketa zuzena' abiatzea eskatu dio Frantziako Gobernuari

Erredakzioa

Euskal gizarteak Parisen erantzun positiboa espero duela esan du ETAk agirian.

ETAk indarkeriaren amaiera iragarri zuen bideoaren une bat

ETAk euskal gatazkaren "ondorioei" buruzko "elkarrizketa zuzena" abiatzea eskatu dio Frantziako Gobernuari, Frantziako Estatuak zerikusi "zuzena" duela iritzita.

France Presse (AFP) informazio agentziari igorritako agiri batean, erakunde terroristak adierazi du euskal herritarrek espero dutela Parisek baietz esatea eskaintzari.

Agirian, ETAk "euskal arazoa" soilik Espainiako Estatuaren ardura dela ustea egotzi dio Frantziari: "Frantziak ukatu egiten ditu Euskal Herriaren errealitate nazionala eta euskal herritarrek euren etorkizuna erabakitzeko duten eskubidea".

Halaber, "gerra zikina" egitea eta "militanteak desagerraraztea" leporatu dio Frantziari, eta "euskal presoen aurkako mendeku eta jazarpen politikak" abiatzea Frantziako eta Espainiako gobernuei.

ETAren agiria Nicolas Sarkozy Frantziako presidentea presoak hurbiltzearen alde agertu eta astebetera etorri da. Egun berean, Sarkozyk esan zuen ez lukeela errefusatuko Ipar Euskal Herriarentzako "esparru instituzionala" sortzea, baina betiere hiru baldintza jarrita: hori hautetsien bitartez, "Errepublikaren baitan" eta indarkeria gabe egitea.

Urriaren 20an, erakunde terroristak indarkeriaren behin betiko amaiera iragarri zuen. Historikoki, Frantziako Estatuak uko egin dio ETArekin hitz egiteari, Espainiaren kontua dela iritzita.

Mariano Rajoyren Gobernuak ere baztertu egin du negoziazioak abiatzea, ETAk armak entregatu arte.
 

Albisteak (1)

Informazio gehiago (1)