DIPUTATUEN KONGRESUA
Mariano Rajoyren agerraldiarekin amaituko da gaur Kitchen auziko ikerketa batzordea
AGENTZIAK | EITB Media
PPko buru eta Espainiako Gobernuko presidente izandakoak agerraldia egingo du arratsaldean Diputatuen Kongresuan. Mariano Rajoyk aurreratu duenez, Luis Barcenas PPko diruzain ohiari ustez egindako espioitza sareari buruzko galderei erantzuteko prest joango da.
Diputatuen Kongresuan, gaur amaituko dira Kitchen auziko ikerketa batzordeko agerraldiak, Mariano Rajoyrekin. PPko eta Espainiako Gobernuko presidente izandakoa arratsaldean agertuko da batzordearen aurrera, eta, aurreko orduetan aurreratu duenez, Luis Barcenas PPko diruzain ohiari ustez egindako espioitza sareari buruzko galderei erantzuteko prest joango da. Aurrez, Maria Dolores de Cospedal PPko idazkari nagusiak edota Jorge Fernandez Diaz Barne ministro ohiak uko egin zieten galderei erantzuteari.
Martxoaren 17an abiatu zen ikerketa batzordea, eta orain arte bertatik igaro diren Espainiako Gobernuko kide eta PPren arduradun izandako guztiek ukatu egin dute Rajoyk Kitchen auzian erantzukizunik izan zuela.
Ostiralean Onda Cero irrati kateari eskaini zion elkarrizketan aurreratutakoaren arabera, galderei erantzungo die, baina ukatu egingo du Jose Villarejo komisarioa izandakoarekin inongo harremanik izan zuela. Are gehiago, inoiz ez duela ikusi azpimarratuko du.
Villarejo komisarioak, bere aldetik, kontrakoa esan du batzordearen aurrean egin dituen bi agerraldietan. Horren esanetan, Rajoyk bazuen espioitza sarearen berri, eta telefonoz ere hitz egin zuen berarekin.
Rajoyren agerraldiaren ostean, Kitchen auzia ikertu duen batzordeak hilabete amaierara arteko epea izango du ondorioak adosteko. Gero, 2022ko Kongresuko lehen osoko bilkuran bozkatuko dute ikerketa batzordearen txostena.