Itxi

Kitchen auzia

Villarejo ezagutzen ez duela eta PPren 'b kutxa' existitzen ez dela adierazi du Rajoyk

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Leer en Castellano

Espainiako Gobernuko presidente eta PPko buruzagi ohiak Kongresuan egin du agerraldia, Barne Ministerioak Luis Barcenas PPko diruzainari egindako espioitzari lotutako auzia argitzeko ikerketa batzordean.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko presidente ohiak adierazi du auzitegiek ez dutela frogatu Alderdi Popularrean 'b kutxarik' izan zenik; Luis Barcenas PPko diruzain ohiaren eta Jose Manuel Villarejo komisario jubilatuaren testigantzei sinesgarritasuna kendu die; eta 'Kitchen auzian' akusatu nagusia den Jorge Fernandez Diaz Barne ministro ohiaren errugabetasuna defendatu du.

Rajoy presidente zenean Barne Ministerioak Luis Barcenas zelatatzeko eta PPko buruzagiak ustelkeria kasuekin nahasita zeudela frogatu zezaketen dokumentuak kentzeko ezkutuko operazio bat antolatu ote zuen argitzeko ikerketa batzordea eratu zuten Kongresuan eta han deklaratu du Rajoyk.

Parlamentarien galderei erantzunez, Rajoyk berretsi egin du ez duela Villarejo ezagutzen, harekin inoiz ez duela harremanik izan eta Maria de Cospedal PPko idazkari ohiak inoiz ez ziola esan Villarejorekin bildu zela alderdiaren Madrilgo egoitza nagusian.

"Villarejo jauna ez dut ezagutzen eta ez dut inoiz harekin topo egin eta, beraz, inoiz ez naiz berarekin bildu eta inoiz ez dut berarekin hitz egin, ezta zeharka ere. Nik dakidala inoiz ez dit mezurik bidali eta nik inoiz ez diot mezurik erantzun", adierazi du.

Halaber, 'Kitchen operazioari' buruzko berririk ez zuela inoiz izan eta, ondorioz, berak ez zuela operazio hori martxan jartzeko agindu eman azpimarratu du.

Villarejok beraien arteko balizko harremanari buruz testigantza ezberdinak eman dituela gogoratuta, komisario ohiaren testigantzari sinesgarritasuna kendu dio.

"Komeni zaiena jomugan" jartzen dutela eta defentsarako eskubidea baliatuta "gezurretan" ari direla salatu du.

Jorge Fernandez Diazen harira, Rajoyk nabarmendu du ez duela uste Kitchen operazioa martxan jarri zuekin eta erantsi du haren kontrako ebazpen judizial irmorik ez dagoen bitartean haren errugabetasun printzipioa gailentzen dela.  

Horrez gain, Rajoyk ukatu egin du PP ezkutuko kontabilitatea izateagatik zigortu dutenik orain arte egin diren epaiketa ezberdinetan. "Nik ez dut inoiz 'b kutxaren' berririk izan eta epaileek ez dute esan halakorik izan denik", adierazi du.

Onartu du Barcenas ustelkeriagatik zigortu zutela, baina erantsi du "obra baten zati bat diru beltzarekin" ordaindu zuelako zigortu zutela eta horrek ez duela esan nahi PPn "b kutxarik" izan ez denik.

Rajoyren agerraldiak ikusmin handia piztu du Kongresuan. Espainiako Gobernuko presidente ohiak PPko hainbat goi-karguk babesa izan du, tartean Cuca Gamarrarena eta Ana Pastorrena.

 

Albisteak (3)

Bideoak (1)