Itxi

ELKARRIZKETA

Manu Cabacas: "Guri ukatzen digutena eskatzen du Urkulluren Gobernuak beste batzuentzat"

Onintza Aiestaran | EITB Media

Leer en Castellano

Iñigo Cabacas zenaren aitak aitortza eskatu du eta hori egitea hain zaila den galdetu du. Atsekabea adierazi du Ertzaintzak artxibatu egin duelako Cabacas auziagatik irekitako barne ikerketa. Halaber, Eusko Jaurlaritzaren eta Ertzaintzaren enpatia eta gizatasun falta salatu ditu.

Manu Cabacas. EITB Mediaren bideo batetik ateratako irudia

Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun sailburuak atzo Legebiltzarrean iragarri ostean Ertzaintzak artxibatu egin duela Cabacas auziagatik epaitutako sei ertzainetako bosti zabaldutako espedientea, familia atsekabetuta mintzatu da. Manu Cabacas Iñigo Cabacas zenaren aitak aitortza eskatu du eta hori egitea hain zaila den galdetu du. "Guri ukatzen digutena eskatzen du Urkulluren Gobernuak beste batzuentzat", gehitu du.

Radio Euskadiko "Boulevard" saioari eskainitako elkarrizketan, Iñigo Cabacasen aita egungo Segurtasun sailburuaren aurka mintzatu da. Aurreko sailburuarekin "oso gaizki" pasatu ondoren, berarengandik gizatasun eta enpatia gehixeago espero zutela, baina guztiz kontrakoa gertatu dela aitortu du.

Manu Cabacasen iritziz, deitoragarria da Josu Erkorekak bere agerraldiaren zati bat ertzain horien sufrimendua azaltzen pasatu izana. "Begira zein erraz eman dizkieten ezintasunak. Nik Gizarte Segurantzaren aurkako epaiketara joan behar izan nuen ezintasuna lortzeko, eta negozioa utzi behar izan nuen. Hau al da berdintasuna?", galdetu du.

Azaldu duenez, atzoko Legebiltzarreko saioaren amaieran kanpoan zain egon ziren Segurtasun sailburuarekin hitz egin nahi zutelako, baina ez zuten hitz egiterik lortu. "Bazekien zain geundela eta ez irten", gaineratu du.

Apirilean 10 urte beteko dira Iñigo Cabacas hil zenetik eta Manu Cabacasek esan du "oso gaizki" sentitzen direla, "Ez dagoelako (gertatutakoa) argitzeko gogorik, gutxienez aitortza bat egiteko".

Iñigo Cabacas 2021ko apirilaren 9an hil zen, lau egun lehenago Ertzaintzaren gomazko pilota batek buruan jo ondoren, Bilboko Maria Diaz de Haro kalean, Athleticen partida bat San Mamesen bukatu eta handik gutxira.

Albisteak (1)