espainia
Manuel Castells Unibertsitate ministroak Espainiako Gobernua utzi du
agentziak | eitb media
Joan Subiratsek, Bartzelonako Udaleko zinegotzi ohiak, hartuko du orain arte Unibertsitate ministro izandakoaren lekua.
Manuel Castells Espainiako Gobernuko Unibertsitate ministroak Gobernua uztea erabaki du, haren inguruko iturriek adierazi dutenez.
2020ko urtarrilaren 13an izendatu zuten 79 urteko politikaria ministro, Unidas Podemosek proposatuta, koalizio gobernuaren parte izan ondoren.
Joan Subirats Bartzelonako Udaleko zinegotzi ohiak ordezkatuko du orain arte Unibertsitate ministro izandakoa.
Joan Subirats, Unibertsitate ministro berria. Argazkia: EFE
Ministerioa arrazoi pertsonalak direla eta utziko du Castellsek. Ia bi urte zeramatzan Espainiako Gobernuan, eta Comuns koalizioaren ordezkari bakarra zen Pedro Sanchezen taldean.
Aipatutako iturrien arabera, Castellsek "osasun arrazoiak" tarteko hartu du urtea amaitu baino lehen kargua uzteko erabakia, eta koalizio morekoek Ada Colau Bartzelonako alkatearen bigarrena haren lekuan jartzearen aldeko apustua egin dute.
Gobernuko ministroen hamargarren irteera
Castellsen dimisioarekin, hamar dira Pedro Sanchezen Gobernutik ateratako ministroak. Horietako bi Unidas Podemos taldekoak ziren, eta gainerakoak PSOEkoak.
Salvador Illa izan zen Sanchezen Gobernua uzten lehena. 2021eko urtarrilaren 27an utzi zuen, PSCrekin otsailaren 14ko Kataluniako hauteskundeetara zerrendaburu gisa aurkezteko.
Bi hilabete geroago, 2021eko martxoaren 31n, Pablo Iglesias Espainiako Gobernuko bigarren presidenteorde eta Gizarte Eskubideetako eta 2030 Agendako ministroa atera zen, maiatzean Madrilgo Erkidegoko hauteskundeetara aurkezteko asmoz.
Sanchezen Gobernutik atera diren gainerako kideek uztailean utzi zuten, presidentearen Gobernua birmoldatu zuenean. Hala, uztailaren 10ean, Carmen Calvo Gobernuko lehen presidenteordea, Arantza Gonzalez Laya Kanpo Arazoetako ministroa, Juan Carlos Campo Justizia ministroa, Jose Luis Abalos Garraio, Mugikortasun eta Hiri Agendako ministroa, Isabel Celaa Hezkuntza ministroa, Jose Manuel Martinez Uribes Kultura eta Kirol ministroa eta Pedro Duque Zientzia eta Berrikuntza ministroa izan ziren kargu horiek utzi zituztenak.