Itxi

Presidenteen biltzarra

Erkidegoetako presidenteek pandemiari aurre egiteko neurrien inguruan eztabaidatuko dute gaur

O.P. | Eitb Media

Leer en Castellano

Espainiako Gobernuak ez dauka proposamen zehatzik; zazpi presidentek, tartean Iñigo Urkullu lehendakariak, aire librean maskara derrigorrezkoa izatea eskatuko dute eta Kataluniako presidentak ordutegi eta edukiera murrizketak proposatuko ditu.

Uztaileko presidenteen bilera. EITBren bideo batetik ateratako irudia.

Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidentea eta erkidegoetako agintariak gaur bilduko dira, 16:30ean, telematikoki egingo den Presidenteen Biltzarrean. Espero da gutxienez zazpi presidentek aire librean maskara une oro derrigorrezko izan dadin eskatzea, tartean Iñigo Urkullu lehendakaria. Espainiako Gobernuak berak ez dauka proposamen zehatzik.

Pere Aragones Generalitateko presidentak, bere aldetik, Estatu osoan, 10.000 biztanletik gora dituzten eta intzidentzia altua duten herrietan etxeratze agindua ezar dadin eskatuko du; baita jendarteko bilkurak gehienez hamar lagunekoak izatea, gaueko aisialdia ixtea eta ostalaritza eta merkataritza guneetan edukiera mugatzea ere. 

Lehendakariak eskatu du neurriak berdinak izan daitezela Estatu osoan; Gabon garaian joan-etorriak ugaritzen direla kontuan hartuta, Lakuako gobernuak ez luke ulertuko neurriak desberdinak izatea tokia batean ala bestean. 

Neurriak edozein izanda ere, Lehendakariak berme juridikoak nahi ditu haiek aplikatu ahal izateko, pandemiari aurre egiteko euskal legean jasotako neurriak barne. Izan ere, gogoratu behar da aukera dagoela hartzen diren neurriak epaitegietan errekurritzeko. 

Eusko Jaurlaritzak gogorarazi du, bestalde, badirela dagoeneko indarrean dauden neurriak, "horietako asko prebentiboak, eta zorrotz bete beharrekoak direnak". 

Maria Chivite Nafarroako presidenteak azaldu du ''entzuteko prestutasunez eta ezer baztertu gabe'' joango dela Presidenteen Konferentziara. Chivitek nabarmendu duenez, "ez zaie erreparatu behar eguneroko kasu positiboei, baizik eta ospitaleko okupazioari. Zentzu horretan, batez bestekoaren azpitik gaude". 

Albisteak (4)