Kargatzen...
Itxi

Elkarrizketa

Atutxa: "Sortuk erailketen gaineko errefusa eta hausnarketa etiko-moral errealik egin gabe jarraitzen du"

O.P. | Eitb Media

Leer en Castellano

Itxaso Atutxa BBBko presidentearen ustez, argi dago Sortu "bere erakundean instituzionalizatzen ari dela lehendik ere ezagun zena", Sorturen "borrokaren beso politikoaren eta ETAren ekintza militarraren arteko sinbiosia".

Itxaso Atutxa, gaur, Radio Euskadin.

Itxaso Atutxa Bizkai Buru Batzarreko presidenteak Radio Euskadin egin dioten elkarrizketan Sorturi buruz esan du, "orain publikoki harritzen bagara ere", ezker abertzalea  "instituzionalizatzen ari dela lehendik ere ezagun zena",  hau da, Sorturen "borrokaren beso politikoaren eta ETAren ekintza militarraren arteko sinbiosia". Hala mintzatu da David Pla Sorturen zuzendaritzan sartzeari buruz galdetu diotenean.

Hil berri den Antton Troitiñori egindako omenaldiei buruz, edota Mikel Albisuri epaitegietara iristean emandako txaloei buruz esan du, eta irudiak "gogorrak" iruditzen zaizkiola. Onartu duenez, "egia da zigorra bete duenak eskubide guztiak dituela indarrean, baina uste dut hor kontu etikora itzultzen gara". Izan ere, bere ustez, Sortuk "biktimen minarekin bat egiten du, baina hiltzeak ekarri zuenari buruzko errefusa eta hausnarketa etiko-moral errealik egin gabe jarraitzen du".

Bestalde, Atutxak baieztatu du oraingoz bere taldeak Gobernuaren, patronalaren eta CCOO eta UGT sindikatuen artean adostutako lan erreformaren aurka bozkatuko duela, ez delako lan-harremanen euskal esparrua sartu, eta, bere ustez, horrek lehentasuna izan behar du.

Babes hori aintzat hartzea "ez da Estatu osoan lor daitekeenaren gutxiespena, lan harremanen euskal esparru bat errespetatu behar dela argi uztea besterik ez da".

Covid-19aren pandemiari dagokionez, Atutxak uste du badirela pandemiaren aurka borrokatzeko zenbait neurri erkidego mugakideekin "koordinatu daitezkeenak eta koordinatu behar direnak", baina ohartarazi du "bizi dugun segurtasun juridikorik ezaren" ondorioz, legegintza-esparruak batzuetan ezin duela neurririk hartu "modu bizkorrago batean eta segurtasun juridikoarekin".