Eusko Jaurlaritza
Garamendik hiru transferentziaren eskualdatzea azkartzea eskatu dio Espainiako Gobernuari
I. G. | EITB MEDIA
Meteorologia, Itsasertzaren kudeaketa eta Zinematografia babesteko funtsa eskualdatzeko proposamenak bidali ditu.
Olatz Garamendi Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailburuak hiru gai transferitzeko proposamenak bidali dizkio Espainiako Gobernuari, bi gobernuek lehenbailehen aztertu eta onar ditzaten. Transferentzia prozesua oso atzeratuta doala salatu du Eusko Jaurlaritzak. Halaber, Meteorologia, Itsasertzaren kudeaketa eta Zinematografia babesteko funtsa eskualdatzeko proposamenak igorri dizkio Lurralde Politikako Ministerioari.
Eusko Jaurlaritzaren ustez, transferentzia prozesua "ez doa behar bezala, Espainiako Gobernuak berak proposatutako eskualdatze egutegian ezarritako epeak ez baitira betetzen ari". Egoera horren aurrean, sailburuak negoziazioak arintzeko eta aipatutako hiru gaien eskualdaketa bizkortzeko beharrezko dokumentazioa helarazi dio Isabel Rodriguez ministroari.
Garamendik gai hori bere agenda politikoan sartzeko eskatu dio Espainiako Gobernuari, hitzemandako transferentzia proposamenak atzerapenik gabe planteatu ditzan.
Azken orduotan Ministerioak bi proposamen bidali dizkio Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailari, Bizitzeko Gutxieneko Diru-sarrerari (IMV) buruzkoa eta Trenbide azpiegiturari buruzkoa, oraindik ere proposamen horiek aztertu eta bi gobernuen artean negoziatu beharrekoa.