ERASOA
Nafarroako Ezker Batuak salatu du "eraso faxista" jasan dutela Lizarran
agentziak | eitb media
"Gorriak zulora" zioten pintaketak egin dizkiete egoitzan eta gezurrezko pistola bat utzi dute bertan. Afiliatu batek mehatxuak zituen eskuorri faxista jaso du etxean. Protesta egiteko elkarretaratzea deitu da astelehen honetarako, 19:00etan, Foruen Plazan.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Nafarroako Ezker Batuak Lizarran erabiltzen duen lokal baten aurkako "eraso faxista" salatu du. Pintadak agertu dira "Viva España" eta "Rojos a la cuneta" leloekin, eta gezurrezko pistola bat ere utzi dute erasotzaileek.
NEBren arabera, kalte arin batzuk ere egin dituzte, eta dirua eta gailu informatikoak eraman dituzte.
Koalizioaren ustez gertakaria "erabat politikoa" da, eta "goitik behera" gaitzetsi du "pairatutako eraso faxista", Foruzaingoan salatzearekin batera.
Gainera, azpimarratu du "eraso penagarri hori" ez dela bakarra izan, eta duela gutxi afiliatu batek mehatxuak zituen eskuorri faxista bat jaso zuela etxean.
EH Bilduk, Alternativak eta Alderdi Komunistak babesa agertu diote Ezker Batuari eta bat egin dute astelehen honetarako, 19:00etan, Foru Plazan deitu den elkarretaratzearekin.
Koldo Leoz alkateak (EH Bildu) esan du "hiriko gehiengo sozial eta politikoak lanean jarraituko duela askatasunaren eta justiziaren alde".
#lizarra n mehatxu faxistek ez dute lekurik.
— KoldoLeozGarciandia (@koldinni) January 1, 2022
Nire elkartasun osoa @IzdaNavarra ko kamaradekin.
Hiriko gehiengo sozial eta politikoak, lanean jarraituko du askatasunaren eta justiziaren alde.
Hurrengo astelehenean, urtarrilak 3an, zuen ondoan izango naiz.#EzDiraPasako https://t.co/1quoYGyxWp