Itxi

Espetxe politika

Kale eta plaza andana bete dituzte ETAko presoen eskubideen alde

eitb media

Leer en Castellano

Koronabirusaren ondorioz, eta bigarren urtez jarraian, ez dute manifestazio erraldoirik egin Bilbon. Presoak Euskal Herrira gerturatzearen aldeko aldarrikapenak herriz herri zabaldu ditu Sarek.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Urtea hastearekin batera egin ohi duen legez, Sarek ETAko presoen eskubideen alde mobilizatzeko deia egin die herritarrei urtarrilaren 8 honetan, baina koronabirusa dela eta, bigarren urtez jarraian, ez dute manifestazio jendetsua egin Bilbon, eta elkarretaratzeak Euskal Herriko hiri eta herrietara zabaldu dituzte.

Euskal Herriko 191 udalerri eta hiritan antolatutako beste hainbeste mobilizazio izan dira salbuespenezko espetxe politikaren amaiera eta presoen gerturatzea eskatzeko.

Bilboko manifestazioarekin bat egin dute EH Bildu eta Elkarrekin Podemoseko ordezkariek, ELA, LAB, UGT, CCOO, Steilas, ESK, Etxalde, HIRU, CGT, CNT eta ENHE sindikatuetakoekin batera, eta bertan izan dira, era berean, BNG, ERC, Junts, CUP, ANC, Omnium eta Consell per la Republica. Manifestazioa 17:00etan abiatu da Moyua Plazatik "Elkarbizitzarako. Bakerako. Etxerako. Bidean" lelopean.

Osasun arrazoiengatik, ibilbidea eta martxaren iraupena ere murriztu egin dituzte, eta Moyuatik hasi eta Kale Nagusia igaro ostean, udaletxearen parean amaitu da, antolatzaileek adierazpena irakurri duten lekuan.

Adierazpen horretan ohartarazi dutenez, "ezin dugu onartu eta kosta egiten zaigu sinestea, indarkeriarik gabeko hamarkada baten ostean, oraindik hain oinarrizkoa den zerbait aldarrikatzen aritu behar izatea, hau da, Nazioarteko Itunek, Espainiako Konstituzioak eta legeek aitortzen dituzten eskubideak".

Herritar sareak gogorarazi du oraindik presoen erdiak Euskal Herritik kanpo daudela, eta soilik 11 daudela hirugarren graduan.

Sarek salatu duenez, gainera, "gradu progresioak blokeatzen dituzte eta espetxe baimenak galarazten dituzte". Izan ere, "Tratamendu Batzordeek baimenduta ere, Auzitegi Nazionalak, fiskaltzaren bidez, helegitea jarri eta hirugarren graduan zeuden preso batzuk espetxera eta bigarren gradura" itzuli omen dira.

Presoen erdiak Euskal Herritik kanpo daude, eta soilik 11 daude hirugarren graduan

"Ez dugu inolako pribilejiorik eskatzen. Justizia eskatzen dugu, Justizia besterik ez. Giza eskubideak aldarrikatzen ari gara. Ez dira aldarrikapen politikoak", azpimarratu dute.

Joseba Azkarraga sare herritarraren bozeramaileak, bere aldetik, EAJri erantzun dio "bateragarriak" direla mobilizazioak negoziazio politikoarekin eta Legebiltzarreko lanarekin. Izan ere, azken horren alde egin dute jeltzaleek gaur, eta adierazi dute horregatik ez dutela manifestazioetan parte hartuko, helburuarekin bat egin arren.

Azkarragak esan duenez, "gobernuak eta estatuak ez dira mugitzen euren borondatez, mugiarazi egin behar dira, eta kaletik ere mugiarazten dira. Dena da bateragarria".

Bestalde, Gasteizen hiru zutabe egin dituzte Artium Museotik abiatuta, eta Andramari Zuriaren plazaraino.

Covid-19aren aurkako segurtasun neurriak errespetatuz egin dute ibilbidea, musukoekin eta distantzia gordez, eta ibilbidean zehar ETAko presoak askatzearen eta gerturatzearen aldeko oihuak egin dituzte.

Donostian 2.000 pertsonatik gora elkartu dira Sarek deitutako manifestazioan, ezohiko ibilbidea eginez, Amarako Mendeurreneko plazatik Boulevardera.

Bertan izan dira, besteak beste, Nerea Kortajarena EH Bilduren legebiltzarkidea, Juan Karlos Izagirre alkate ohi eta koalizioa Batzar Nagusietako bozeramailea, eta Rafa Diez LABen idazkari nagusi ohia.

Sareren manifestazioa, Donostian. Argazkia: Xabier Urteaga | EITB MEDIA

Iruñean izan da Nafarroako mobilizazio handiena, eta ehunka pertsona elkartu dira alde zaharreko kaleak zeharkatuz aldarrikapenak egitera. Hiru lerrotan egin dute aurrera, segurtasun tarteak zainduz.

Parte hartzaileen artean zeuden Pernando Barrena EH Bilduren eurodiputatua, Adolfo Araiz EH Bilduko parlamentaria, eta Joan Tarda eta Joan Capdevila ERCko politikariak, beste askoren artean.

Protestaren amaieran irakurritako adierazpenean, 2022a egungo espetxe politikarekiko desberdina den "politika berri baten" urtea izatea defendatu dute.

Ipar Euskal Herrian, berriz, Baionan elkartu dira protestariak Bakegileek deituta, eta manifestazio jendetsua egin dute euskal presoak etxeratzearen alde ez ezik, 30 urtetik gora preso daramaten Jon eta Unai Parot eta Jakes Esnal aska ditzaten eskatzeko.

Anaitz Funosas Bake Bidearen arduradunak azpimarratu du Emmanuel Macron Frantziako presidentearen "inplikazioa" eskatzen dutela, "bake prozesuan eta gatazkaren ondorio guztietan".

Hor kokatzen du Funosasek presoen egoera, baina baita "erbesteratuak" ere, neurri administratiboekin kanporatu eta Hego Amerikara bidaliak tartean.

Bere ustez, ezin da Macron 2019ko udaberrian Biarritzen egon zenetik "balantze positiboa" egin. Tokian tokiko ordezkariek eta gizarte zibilak desarmatzea lortzeko egindako lana goraipatu zuen orduan.

Berretsi du kolektibo horiek Justizia Ministerioarekin ETAko presoen inguruan izandako elkarrizketek ez dutela "esperotako fruiturik eman".

Ordu batzuk lehenago, ETAren hiru biktima, Robert Manrique, Naiara Zamarreño eta Rosa Lluch, ados agertu dira presoak euren jaioterrietatik gertu dauden espetxeetara hurbiltzearekin, legeak ahalbidetzen duen urratsa delako.

Gaur arratsaldeko manifestazioak deitu dituen Sare ETAko presoen aldeko herritar sareak antolatutako mahai-inguruan egin dute hori, eta indarkeriaren biktima guztientzako "aitortza eta justizia" eskatu dute, baita GALek eta Estatuko Segurtasun Indarrek eragindakoentzat ere.

Ekitaldi horretan bertan parte hartu dute euskal eta kataluniar politikariek, ordezkari sindikalekin batera, eta "salbuespenezko espetxe politikaren" aurkako jarrera agertu dute.

Albisteak (3)

Bideoak (1)