Itxi

Elkarrizketa

Otegi: "Lan erreforma negoziatzeko esparrurik dagoen ere zalantzan jartzen dut"

Eider Garaikoetxea O. | EITB MEDIA

Leer en Castellano

EH Bilduko koordinatzaile nagusiak Podemosen eta PSOEren jarrera kritikatu du: "Ezkerrak bere promesak bete behar ditu, bestela sinesgarritasuna galtzen duelako. Bete ezin baditu, azaldu beharko du zergatik".

Your browser doesn’t support HTML5 video

Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzailea ezkor agertu da Espainiako Gobernuak CEOE eta CCOO eta UGT sindikatuekin adostutako lan erreformarekin. Negoziatzeko esparrurik dagoen ere "zalantzan" jarri du, eta hala, orain % 100ean kontra bozkatuko dutelakoan dago.

ETB1eko "Egun On Euskadi" telebista saioan luze eta zabal aritu da lan erreformaren inguruan, eta Espainiako koalizio gobernuaren jarrera kritikatu du. "Ezkerrak bere promesak bete behar ditu, bestela sinesgarritasuna galtzen duelako. Bete ezin baditu, azaldu beharko du zergatik (...) Yolanda Diazek ezin du saldu sekulako erreforma balitz bezala", argudiatu du.

Adierazi duenez, "intuizioa dut CEOEk baldintza jarri duela: 'akordio hau ez da ukitzen, eta aldatzen bada, ni banoa'. Orduan honako galdera egingo nioke Espainiako Gobernuari: Zuk norekin atera nahi duzu erreforma, CEOErekin edo bazkideekin?".

Otegiren aburuz, Confebaskek arrazoia du erreforma honek 2012koaren marko bera duela esatean, eta bi marra gorri aipatu ditu, EH Bilduk onartuko ez dituenak. Batetik, "hemengo hitzarmenak" Estatukoen gainetik egotea "bermatzea", eta bestetik, kaleratzeen auzia. Lehenengoaren harira, azpimarratu du EAEn 2017an sinatutako lanbideen arteko hitzarmenak ez duela "ziurtasun juridikorik" ematen eta erantsi du erreforma berriak "oso argi, idatziz" jaso beharko lukeela kontu hori. Bigarrenaz, kaleratzea hain merkea izatea onartuko ez dutela berretsi du. "Guk oso argi dugu zein den gure posizioa: ez babestea inondik inora lan erreforma hau eta herri ikuspegitik egingo dugu, sindikatuekin, pentsiodunekin..."

Izan ere, EH Bilduko koordinatzailearen esanetan, arazoetako bat da "Euskal Herritik 500 kilometrora dagoen mahai batean erabakitzen dela harremana laboralak nolakoak izango diren. Herri honetako gehiengo sindikalak ez du hitzik, gainera".

Albisteak (3)

Bideoak (1)