ELKARRIZKETA
Ramiro Gonzalez: "Araban proiektatutako planta hidroelektrikoak ez dira eraikiko"
EITB MEDIA
Radio Vitorian egindako elkarrizketan, Ramiro Gonzalez Arabako ahaldun nagusiak adierazi du bi zentral hidroelektrikoak instalatzeko urtegi oso garrantzitsuak eraiki beharko liratekeela Badaia mendilerroaren bi aldeetan, eta hori ez datorrela bat Arabaren beharrizanekin.
Ramiro Gonzalez Arabako ahaldun nagusiak Radio Vitorian iragarri duenez, Zaragozako enpresa batek, Atalaya Generacionek, baimena eskatu dio Trantsizio Ekologikoko Ministerioari Araban "energia biltegiratzeko ura ponpatzeko bi zentral hidroelektriko" instalatzeko. Gonzalezen arabera, proiektu horrek "Badaia mendilerroaren bi aldeetan urtegi oso handiak eraikitzea" eskatuko luke.
Ahaldun nagusiaren hitzetan, "energia berriztagarriak behar ditugu, baina gure lurraldeko errealitatera egokitutako proiektuekin eta biodibertsitatea zainduz".
Horregatik, Ramiro Gonzalez irmo mintzatu da: "Proiektu honek ez die Arabaren beharrei erantzuten eta ez du biodibertsitatea errespetatzen. Proiektu hau ez da gauzatuko, ez da egingo, ez ditugu zentral hidroelektriko horiek eta urtegi horiek ikusiko, ez baitiote lurraldearen biodibertsitatea zaintzeko beharrari erantzuten".
Ahaldu nagusiaren arabera, "erabakia Madrilek hartu behar du, baina proiektu hori ez da tokiko erakundeen iritziaren aurka egingo".