Union del Pueblo Navarro
Javier Esparza UPNko zerrendaburua izango da Nafarroako hauteskundeetan
Agentziak | EiTB Media
UPNko Kontseilu Politikoko kideen % 91ek Esparzari babesa eman diote. Juan Manuel Rubio beste hautagaiari gailendu zaio; izan ere, bozen % 1,2 soilik bereganatu ditu bigarrenak.
UPNko Kontseilu Politikoak Javier Esparza Nafarroako presidentegai aukeratu du ostiral honetan. Kontseiluko kideen % 91k Esparza babestu dute datozen hauteskundeetan hautagaia izateko.
Juan Manuel Rubio beste hautagaiari gailendu zaio; izan ere, bozen % 1,2 soilik bereganatu ditu bigarrenak. % 7,4 boto zuriak izan dira, eta % 0,6 boz baliogabeak.
Horrela, UPNko presidente eta Navarra Suma koalizioko bozeramailea alderdi erregionalistaren zerrendaburua izango da foru hauteskundeetan, eta honenbestez, presidentegaia.
"Nafarroaren atzerakadarekin" kezkaturik agertu da Esparza bere hitzaldian. "Urte hauetan Nafarroak galdutako indarra eta buruzagitza berreskuratzen hasteko 16 hilabete geratzen dira", adierazi du. "Bilduren menpe, Bilduren morroi izan diren lauko eta bosteko gobernuen politika ez eraginkor eta kaskarren ondorioz sailkapeneko lehen tokietatik behera egin du Nafarroak", kritikatu duenez.
UPNko hautagaiaren hitzetan, "gobernu horiek porrota eta pobretasuna ekarri dute, Nafarroaren eta foru erregimenaren indarra eta gaitasuna aprobetxatzen jakin ez dutelako". "Aurrera egiteko Bildu gabeko gobernu bat beharrezkoa da", azpimarratu du Esparzak. "Bilduk Nafarroako politikak baldintzatzeari eta aginteari utziko dio, soilik UPN Gobernuan baldin badago", ohartarazi du.