Ustelkeria
Alonsotegiko alkate ohiak eta gainerako auzipetuek ustelkeria delituak onartu eta lapurtutakoa itzuliko dute
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Jose Luis Erezuma EAJko alkate ohiak, Udalarentzat lan egiten zuen arkitektoak eta bi enpresarik akordioa lortu dute akusazioarekin eta kartzela saihestuko dute.
2011 eta 2015 urteen artean Alonsotegiko alkate izandako Jose Luis Erezumak (EAJ), garai hartan Udalarentzat lan egiten zuen arkitektoak eta Laneder Construcciones enpresako bi arduradunek ustelkeria delituak onartu eta ebatsitako dirua itzuliko dute. Akordioa egin dute Fiskaltzarekin eta akusazioarekin eta ez dira kartzelara joan beharko.
Auzipetuek ustelkeriagatik leporatutako delituak onartu dituzte: diru publikoa bidegabe erabili izana, iruzurra egin izana, prebarikazioa eta dokumentuak faltsutu izana.
Bi urteko kartzela-zigorra, 10 urteko inhabilitazioa eta guztien artean 681.000 euro ordaintzea -eta beste 200.000 euro, interesengatik- onartu dute. Aurrekaririk ez dutenez, espetxean sartzea saihestuko dute.
Fiskalaren arabera, 2011an, akusatuek diru-laguntza bat eskatu zioten Bizkaiko Foru Aldundiari euriteek ustez eragindako hainbat kalte konpontzeko, baina diru hori Udalak Laneder enpresarekin 2008tik zuen zor bat kitatzeko erabili zuten.
Aldundiak 600.000 euro eman zizkion, eta gainerako 81.000 euroak Udalak berak jarri zituen.
Diru-laguntzak eskatzeko dokumentuak faltsutu zituzten eta existitzen ez ziren kalteei buruzko txostenak aurkeztu zituzten.
Instrukzioan, Erezumak aitortu zuen "egin ez ziren obrengatik" ordaindu zuela, baina Udalari kalte ekonomikorik eragin ez zitzaiola argudiatu zuen.
EH Bildu da akusazio partikularra auzi honetan. Koalizioak 8 urteko espetxe-zigorra eskatzen zuen eta Fiskaltzak 6koa.
Auzipetuek egindako delituak aitortuta, epaiketa bertan behera geratu da.