Itxi

Desanexioa

Martxoaren amaieran izango da Usansoloren desanexioari buruzko herri-galdeketa ofiziala

EITB Media

Leer en Castellano

Prozesua osteguneko osoko bilkuran onartzea aurreikusten dute, eta, gaur egun Galdakaoko auzo den horretako herritarren artean baiezkoa nagusitzen bada, ekainaren amaierarako bihur liteke Usansolo Bizkaiko 113. herria.

Desanexioaren aldeko manifestazioa. Argazkia: Usansolo Herria.

Galdakaoko Udalak martxoaren amaieran egingo du Usansolo herri bilakatzeko desanexioari buruzko herri-galdeketa. Usansoloko herritarren artean baiezkoa nagusitzen bada, eta Bizkaiko Batzar Nagusien tramitazioa gaindituta, ekainaren amaierarako bihur liteke Usansolo Bizkaiko 113. herria.

Segregazio horrek ekarriko lituzkeen eraginak batzen dituen memoria onartu du Bizkaiko Foru Aldundiak, eta, orain, Galdakaoko Udalbatzak onartu beharko du bihar, ostegunean, egingo duten osoko bilkuran. Horretaz gainera, herri-galdeketa Usansolon egiteko baimenari oniritzia eman beharko diote udal-taldeek, eta horixe da aurreikusita dagoena.

Udala galdeketa egiteko lanean ari da jada, eta Agustin Aizpuru Usansolo Herriko zinegotziak jakinarazi duenez, martxoaren amaieran egingo dute: "Martxoaren 20an edo 27an izatea aurreikusten dugu, ez beranduago".

Kontuak hala, Usansoloko 16 urtetik gorako 3.000 biztanle inguruk bozkatu ahalko dute beren auzoaren etorkizunaren inguruan, eta, baiezkoa nagusitzen bada, ekainaren amaierako Usansolo Bizkaiko 113. herri izango litzatekeela aurreratu du Aizpuruk.

Albisteak (2)