Itxi

Eskumenak

Espainiako Gobernuak berretsi du bizitzeko gutxieneko diru-sarrera Euskadiri "osorik" transferituko zaiola

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Leer en Castellano

Isabel Rodriguez Lurralde Politikako ministroak ostiral honetan baieztatu duenez, bizitzeko gutxieneko bitarteko diru-sarreraren gaineko eskumena "osorik" eta "denbora-mugarik gabe" transferituko dute.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Isabel Rodriguez Espainiako Lurralde Politikako ministroak ostiral honetan baieztatu duenez, bizitzeko gutxieneko bitarteko diru-sarreraren gaineko eskumena "osorik" eta "denbora-mugarik gabe" transferituko zaio Euskadiri.

Ministroaren esanetan, bi gobernuen arteko harremana "oso ona" da, Iñigo Urkullu lehendakariak Espainiako Gobernuari transferentzien harira egindako kritiken aurrean.

Rodriguezek Aernnovak Berantevillan (Araba) duen lantegian egin du iragarpena, bertako instalazioak bisitatu baititu ostiral honetan. Iñigo Urkullu lehendakariarekin ere bildu da gaur. Eusko Jaurlaritzaren iturrien arabera, bi agintariek, ordubeteko bileran, bi Exekutiboen arteko harremanei dagozkien gaiak jorratu dituzte, baita intereseko beste gai batzuk ere.

Rodriguezekin bildu baino lehen, hain zuzen ere, Espainiako Gobernuak bizitzeko gutxieneko bitarteko diru-sarrera "osorik" Euskadira transferitu ez izana eta aurreikusitako gainerako transferentziak "egiteke" jarraitzea salatu du Urkulluk, Bilbon egindako ekitaldi batean. Gainera, lehendakariak onartu du Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidentearekin duen harremana "nabarmen hobetu" daitekeela.

Adierazpen horiei buruz galdetu diotenean, ministroak esan du Espainiako Gobernuak "oso harreman onak" dituela Eusko Jaurlaritzarekin.

Horrez gain, iragarri du Espainiako Gobernuak beste dokumentu bat prestatu eta Eusko Jaurlaritzari eman diola, eta bertan zehazten dela nola egingo den bizitzeko gutxieneko bitarteko diru-sarreraren transferentzia.

Dokumentu horretan, azaldu duenez, eskumen horren transferentzia "osoa" aurreikusten da, "denbora-mugarik gabe", azken asteetan zalantzak sortu ziren eskualdatzearen bi alderdi.

Orain Eusko Jaurlaritzari dagokio hori aztertzea, eta hurrengo urratsa bizitzeko gutxieneko bitarteko diru-sarreraren eskualdaketari aurre egiteko Batzorde Teknikoa sortzea izango litzateke.

Albisteak (1)

Bideoak (2)