Sexu-abusuak Elizan
Elizan izandako abusuei buruzko ikerketa-batzordeak lehen urratsa gainditu du Kongresuan
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Kongresuko Mahaiak EH Bilduren, Podemosen eta ERCren ekimena onartu du, eta, horrela, Bozeramaileen Batzordeak osoko bilkuran eztabaidatzeko data jarriko du.
Elizaren barruan ustez adingabeei egindako sexu-abusuak ikertzeko batzordeak lehen urratsa gainditu du astearte honetan Kongresuan, PPren eta Voxen aurkako botoarekin: Mahaiak eskaera izapidetzea onartu du, eta, horrela, Bozeramaileen Batzordeak osoko bilkuran eztabaidatzeko data jarriko du.
Unidas Podemosek, ERCk eta EH Bilduk abusuak ikertuko dituen batzorde bat sortzeko proposamena erregistratu zuten. PSOE eta Ciudadanos proiektu hori aztertzeko prest daude, eta PP eta Vox, berriz, aurka daude.
Pablo Casado eta Santiago Abascal buru dituzten alderdiek uste dute Espainiako Gobernuak ezin duela Eliza kontrolatu, eta gai hori Justizia Auzitegietan ebatzi behar dela.
Datorren astean ez denez osoko bilkurarik egingo, otsailaren 13an hauteskunde autonomikoak egingo dituztelako, Elizako gehiegikeriei buruzko batzordearen eztabaida ez da inola ere otsailaren 17a baino lehen egingo, betiere Bozeramaileen Batzordean gehiengoa badago gai-zerrendan sartzeko. Eta PP eta Vox aurka daudenez, PSOEren jarrera funtsezkoa izango da hor.
Osoko Bilkurara iristen bada, bertan erabakiko da sortzea onartzen den ala ez. Ciudadanos prest dago aldeko botoa emateko, baina EAJk (ez da Kongresuko Mahaiko kidea) aurreratu du nahiago duela Espainiako Gobernuak aditu-talde bat osatzea gai hori aztertzeko, eta, ondoren, bere ondorioak Kongresuan aurkeztea. Unidas Podemosen ustez, proposamen hori eta Ganberak bere ikerketa propioa egitea guztiz bateragarriak dira.