Lan-erreforma
Espainiako Gobernua seguru dago Kongresuak lan-erreforma onartuko duela
AGENTZIAK | EITB MEDIA
PSOEren eta Unidas Podemosen Gobernuak Ciudadanosen eta alderdi txikien babesa dauka, baina PDeCATen botoak behar ditu lan-erreforma berresteko gehiengo absolutua ziurtatzeko. Gauzak horrela, EAJren, EH Bilduren edo ERCren botoak ez lirateke erabakigarriak izango osteguneko bozketan.
Espainiako Gobernuak segurutzat ematen du Kongresuak lan-erreformaren dekretua onartuko duela datorren osteguneko bozketan; izan ere, Ciudadanosen eta alderdi txikiagoen aldeko botoak bermatuta ditu jada; Más País, Compromís, Nueva Canarias, Coalición Canaria, Teruel Existe eta PRC alderdiena, esaterako.
Edonola ere, Pedro Sanchezen Exekutiboak negoziatzen jarraituko duela iragarri du, eta ez du baztertzen inbestidurako bazkideek, tartean ERCk edo EAJk, ekimenarekin bat egitea azken unean.
"Uste dugu dekretua onartzeko baldintzak badaudela. Talde parlamentario guztiekin hitz egin dugu, eta baikorrak gara bozketari dagokionez", adierazi du Hector Gomez PSOEren bozeramaileak.
Halaber, zehaztu du EAJrekin eta ERCrekin elkarrizketak ez direla amaitu, eta "ateak irekita" daudela oraindik.
Horrez gain, koalizio-gobernuak PDeCATekin harremanetan jarraitzen du, bere lau diputatuen botoak lortze aldera. Alabaina, Ferran Bel alderdi katalaneko bozeramaileak adierazi du joan den astean baino zalantza gehiago dituztela orain, eta Yolanda Diaz Lan ministroaren negoziatzeko estrategia kritikatu du.
ERCk ere salatu du Diazen jarrera, eta Pedro Sanchezen inbestidura ahalbidetu zuten taldeak baztertu izana aurpegiratu dio. Ildo horretan, EH Bilduk, CUPek eta BNGk deitoratu dutenez, Gobernuak nahiago izan du Ciudadanosekin bat egitea ela patronalaren baldintza guztiak onartzea, testua moldatzeko aukerari uko eginda.
Botoen banaketa Parlamentuan
PSOEk eta Unidas Podemosek 154 ordezkari dauzkate, eta dagoeneko ondoko alderdiek lan-erreforma babestuko dutela iragarri dute: Más País-Equo (2), Compromís (1), Nueva Canarias (1), Kantabriako Alderdi Erregionalista (1) eta Teruel Existe (1).
Halaber, Ciudadanosek (9), UPNk (2) eta Coalicion Canariasek (1) adierazi dute lege-dekretu hori onartzeko prest daudela, testuan aldaketarik egiten ez bada.
Guztira, 172 dira ekimena babesteko prest egongo liratekeen diputatuak, eta horiei PDeCATeko 4 ordezkariak batzeko aukera egon daiteke oraindik. Beraz, 176 ordezkariek bat eginez gero, gehiengo absolutua izango lukete Kongresuan.
Bestalde, lan-erreformaren kontra bozkatuko dutela jakinarazi dute Alderdi Popularrak (88), Voxek (52), Juntsek (4) eta Foro Asturiasek (1). Gainera, ERCk (13), EH Bilduk (5), CUPek (2) eta BNGk (1) sarritan adierazi dute ekimenaren aurka agertuko direla, Gobernuak patronalarekin eta CCOO eta UGT sindikatuekin adostutako testuan aldaketak egiteko aukerarik ez badago.
Horiek guztiak kontuan hartuta, ezezko botoak 166 izango lirateke; 167, Talde Mistoan dagoen Ciudadanoseko diputatu ohia batuz gero; eta 173, EAJk azkenean kontra bozkatzen baldin badu.