ELKARRIZKETA RADIO EUSKADIN
Nadia Calviño: "Inbestidurako gehiengoak oinarri izaten jarraitzen du, babes handiena lortzea da helburua"
EITB MEDIA
Espainiako Gobernuko lehen presidenteordeak lan erreformaren inguruan sortutako polemikaz hitz egin du Radio Euskadin.
Atzo Diputatuen Kongresuak lan erreforma onartu zuen, boto bakarraren aldearekin, eta EAJren eta EH Bilduren babesik gabe. Nadia Calviño Espainiako Gobernuko lehen presidenteordeak garrantzia kendu nahi izan dio dekretua onartu zuen gehiengoaren izaerari (Ciudadanosek babestu zuen; ERCk, EAJk eta EH Bilduk, ez). Radio Euskadiko "Boulevard" saioan egin dioten elkarrizketan Nadia Calviñok esan duenez, Pedro Sanchezen inbestidura ahalbidetu zuen gehiengoak oinarri izaten jarraitzen du, eta ahalik eta babes parlamentario handiena lortzea da helburua. Are gehiago, orain arte Gobernua babestu duten alderdiekin harremanak "bikainak" direla adierazi du.
Calviñok onartu egin du dekretua baliozkotzeko bozketan "ezustekoren bat" egon zela, baina azkenean aurrera atera zela nabarmendu du.
Bozketan gertatutakoa gorabehera, behin onartuta, orain lan erreforma garatzen egin behar da ahalegina, Calviñoren arabera.
Bestalde, euskal lan hitzarmenak Estatukoen gainetik egotea izan da EAJk lan erreformaren alde bozkatzeko Espainiako Gobernuari egin zion eskarietako bat. Calviñok, ordea, ez du uste hori arazo denik: "Hitzarmen horiek gaur egungo lan esparruarekin garatzen ari dira".